Sorpresaz itzuli ziren Eskoriatzan, Inkernun, eta, ondoren, herrikoen gozamenerako, Musakolako jaietan jo zuten. Batzuek uste zuten Iskanbila taldea kontzertu batzuetarako soilik itzuli zela, baina inondik inora ere. Irailean estudioan sartu ostean, bihar, gaztetxean, Bizimodu baten historia lan berria aurkeztuko dute. Arrasate Irratiko Zaku bete kontu irratsaioan azaldu dutenez, "urduri" baina aldi berean "gogotsu" daudela aitortu dute taldekideek.
Duela 25 urte grabatu gabe gelditu ziren kantuak batu dituzte lan berrian
Bederatzi abestik osatzen dute lan berria; duela 25 urte grabatu gabe utzi zituztenak erreku- peratu nahi izan dituzte. Hain zuzen, hori izan da Iskanbila taldea berriz elkartzearen arrazoi nagusia. Disko berriko kantuak "azkarrak" eta "kañeroak" direla azpimarratu dute. Kontzertura begira, ordea, abesti berriez gain, errepertorioa "kantu zaharrekin" osatuko dutela adierazi dute.
Estreinaldia, etxean
Momentuz diskoak "harrera ona" izan duela diote taldeko kideek, baina eurak "zuzeneko" taldea direla ere aitortzen dute. "Orain arte, kanpoan jo dugu; entrenamendua izan da hori biharko kontzertura begira. Etxean jotzeko ordua zen", diote Iskanbilakoek.
Gogo eta ilusio horretan laguntzeko, Hankaz Gora eta Sindy Berbenas taldeek ere joko dute. Lehenak gazteak eta hasiberriak dira; horregatik, Iskanbilakoek eskaera egiten dute jende guztia kontzertu hasierarako bertan egon dadin: "Gurekin egin zuten moduan, guk ere gogo hori sentitzen dugu hurrengo belaunaldiei hauspoa eman eta elkarrekin aurrera egiteko". Sindy Berbenas, aldiz, aski ezaguna da jada, eta haiek ere punk-oi! doinuez gozaraziko dituzte bertaratutakoak; halaber, Jonnyrentzat kontzertu berezia izango da, Iskanbilako zein Sindy Berbenaseko kide baita.
Biharko kontzertua berezia izango dela zalantzarik ez dago, baina etorkizunerako planak ere martxan jarrita dituzte. Udara arte, behintzat, lanpetuta ibiliko dira; izan ere, Zaku bete kontu irratsaioan esan dutenez, kontzertuak lotuta dituzte hainbat lekutan; besteak beste, Igorren, Gernikan, Zaldibarren eta Elgetan. Hori gutxi balitz, Portugalen ere jaialdi batean izango direla aurreratu zuten, eta, era berean, aitortu zuten esku artean badutela proiekturen bat edo beste: "Oraindik ezin dugu ezer aurreratu, baina bereziak dira". Horrenbestez, horri guztiari lekukoa emango dio biharko disko aurkezpenak.