Eduki pornografikoa duten nerabeen Whatsapp taldeak Arrasatera heldu direla salatu dute

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko abe. 20a, 16:35

Azaro amaieran atzeman zituzten Donostiako eduki pornografikodun Whatsapp taldeak eta Arrasatera ere iritsi direla jakinarazi dute. Ikastetxe bateko hezitzaile batek atzeman zuen kasua eta, protokoloari jarraikiz, Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin harremanetan jarri zen. Prentsa agerraldia egin dute gaur.

Ikastetxean atzemandako kasuaren harira, harremanetan jarri ziren Arrasateko Udala, herriko ikastetxeak, hezkuntza eragileak eta guraso talde edota sareak. Maider Morras alkatearen esanetan, "neurri prebentibo eta hezitzaileak ezartzeko asmoa" agertu dute eragile guztiek, eta horren ondorio da gaurko agerraldia. "Garrantzitsua da denok norabide berean lan egitea".

Gabonak gertu daudela baliatuta, "hainbat aholku herritarrekin partekatzeko" baliatu gura izan dute agerraldia. "Izan ere, adin txikikoei mugikorra bezalako tresna baten erabilpena ahalbidetzea hautu pribatu, pertsonal eta librea bada ere, hautu horrek, ezinbestez, erabilera arduratsu baten heziketa prozesu bat ere inplizituki badakarrela esan beharrik ez dago, bai gurasoen aldetik, bai komunitate beretik", adierazi du Jasone Giraldo Ongizate eta Hezkuntza zinegotziak.

Prebentzio neurri horiek "zaintza komunitarioaren" barruan kokatu ditu alkateak. "Betebehar hauek guztion inplikazio eta konpromisoa eskatzen dute". Gaineratu du Gabonetan mugikorren erabilera "kontrolik gabe" hazten dela, eta erabilera egokia egiteko asmoz, honako prebentzio neurri hauek proposatu dituzte:

  • Egun hauek baliatu seme-alabekin komunikazioa hobetu eta honetan sakontzeko. Gurasoen bitartekaritza ezinbestekoa da, konfiantzazko harreman eta sareak sortuz lortuko dugu gazteengana gerturatzea eta espazio seguruak sortzea.
  • Zure seme-alaba honelako txat talde baten parte bada, irten taldetik ahal bezain pronto, baina ez ezabatu mezuak. Mugikorrarekin zuzendu udaltzaingora eta jarri salaketa bat. Bertan dagoen edukia lagungarria izan daiteke ikerketarako. Ez zabaldu bertan dagoen edukia
  • Mugikorrak ez oparitzeko aholkua egiten dugu. Edozein kasutan, oparitzekotan, nerabeekin erabilera egoki batetarako neurriak adostea aholkatzen dugu , betiere gurasoen gainbegiradarekin eta gutxienez 16 urtera.
  • Garrantzitsua da mugikorraren erabilerari lotutako ohitura osasuntsuak sortzea, horregatik, adinaren araberako erabilera graduala ezarri behar zaie. Horretarako oso baliagarria izan daiteke erabilera kontratua egitea gaztetxoekin, erabilera orduak eta espazioak ondo zehaztuz.
  • Mugikorraren erabilera kontrolerako prebentzio neurri batzuk honako hauek izan daitezke:
    • " Family link " aplikazio modukoak ezartzea, modu horretan, aplikazio bat instalatu aurretik gurasoei baimena eskatuko zaie.
    • WhatsAppeko prebentzio neurrien artean, ezezagunek taldeetan sartzeko aukera desaktibatzea.

Gabonetan zentratu badira ere, lanketaren helburua epe ertain luzerakoa dela nabarmendu dute, eta urtarriletik aurrera "beharrezkoak diren neurri eta baliabideak" prebentzio lanetara bideratzea nahi dituztela; "besteak beste, heziketa digitalean edo eta heziketa sexualean jarri beharko dugu arreta".

'Altxa burua' ekimena  

Horrekin lotuta, haur eta nerabeei mugikorrak oparitzearen inguruko kontzientziazio kanpaina abiarazi du Udalak, Altxa burua ekimenarekin elkarlanean. "Gertaera hau herrian agertu baino lehen, mugikorrak oparitzearen inguruko kontzientziazio kanpaina bat egitea aurreikusi genuen. Azken urteetan egin dituzten ikerketa eta esperientziek erakutsi dute oso gazte diren haurrei oparitutako mugikorrek eragin kaltegarriak izan dituztela beraien garapenean". Modu berean, gurasoak "konplize" egiten ditu kanpainak, mugikorraren kontsumo eredua erreferente baita gazteentzat. "Honela, eskuorri eta kartelak banatu ditugu herriko ikastetxeetan, haurrei zein gurasoei".   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak