Santamasetako kartelaren sorkuntzaz, Olariagarekin eta Galanekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko abe. 18a, 11:20

Santamasetako kartelaren azken bi egileekin egon da GOIENA: 1978tik 2008ra egin zituen Antton Olariagarekin eta 2009a ezkero lekukoa hartu dion Iban Galan Desegin artistarekin.

Hainbat adar dituen jai berezia da abenduaren 22koa Arrasaten. Eta zeinu bereizgarrien artean, kartela da ezinbestekoetako bat. Antton Olariaga (Usurbil, 1946) ilustratzaile ezagunari lotuta egon da kartela 1978tik 2008ra, eta 2008a ezkero, lehiaketa irabazi ostean, Iban Galanek (Arrasate, 1985) hartu du lekukoa gaur egunera arte. Belaunaldi ezberdinak ordezkatzen dituen bi artistekin egon da GOIENA, horren bereziak diren kartelen atzetik zer dagoen jakiteko.

Antton Olariagaren formula

Komisiñoak 1976an antolatu zuen jaia lehen aldiz eta Olariagaren lehen kartela 1978koa da: "Urte asko dira eta ez dut zehatz gogoratzen, baina Bilbon nengoen lanean garai hartan eta Komisiñokoak etorri zitzaizkidan; Juan Bautista Agirre, Agustin Ibarluzea Txispas eta konpainia izango zirela suposatzen dut. Orduan nire erreferentzia Donostiako San Tomas jaia zen; hori bai, gogoan dut harritu egin ninduela Arrasaten hilaren 22an ospatzea jaia, egun bat geroago. Baiezkoa eman nien eta, egia esan, informazio askorik gabe egin nuen lehen kartela".

Gogoan du Olariagak kartelari "nortasun berezia" ematearen aldeko apustua "hurrengo urtean-edo" etorri zela: "Pentsatu nuen elementu bati ematea protagonismo nagusia. Barazki bat izatea oso zaila zen; arbigara, adibidez [arrasatearrentzat gutizia den barazkia]. Horregatik aukeratu nuen txerria. Itun bat proposatu nien Komisiñokoei: txerriari ematea protagonismoa, baina beti sartzea Portaloia eta Udalatx. Esan nien, gainera, kartelarekin besteak dibertitu daitezen ni ere dibertitu egin behar nintzela. Horregatik, askatasuna eskatu nien txerria nola aurkeztu nik erabakitzeko, eta hala izan zen beti: urteko gertaera batekin lotu izan nuen txerria. Urte olinpikoa bazen, txerri olinpikoa presente; Marino Lejarreta ziklista erretiratu bazen urte hartan, txerria bizikleta gainean...".

Urtez urte txerria egoera berri baten ateratzeak "zentzu transformista bat" eman dio kartelari, Olariagaren arabera: "Ez nuen jakiten arrasatearrek ze ondorio aterako zuten karteletik, baina beti izan dut argi jai berezia izatera ondo pasatzeko deia egin behar zuela irudiak". Baina 30 urte luzez santamasen irudia egin ostean, heldu zen lekukoa uzteko ordua: "Asmatu genuen formula betierekoa izan zitekeen, baina uste dut herriko artista bati pasatu behar niola lekukoa. Ez zen nekerik edo beste arrazoirik izan tartean; errelebo naturala izan zen. Ez dakit ekarpenik egin nion jaiari, baina kartelok egiten disfrutatu nuena ez dago ordaintzerik. Komisiñoko lagun batzuekin harreman oso berezia egin nuen; kartela egiteko erraztasunez gain, jende oso ona ezagutu nuen".

Bestalde, aldagai "oso inportantea" zen kartelaren tamaina: "Ez zen txantxetakoa, metro bat zuen altueran eta 60 zentimetro zabaleran. Ordenagailurik gabe, kartel osoa eskuz betetzen nuen; hau da, ideia pentsatzeaz aparte, kartela egiteak berak denbora askotxo suposatzen zidan... Horregatik, orain, liburu baten-edo argitaratzeko txikituz gero asko galtzen dute, eta pena da. Garai hartan, baina, helburua zen kalean edota komertzioetan jartzea, 1/1 eskalan".

1979ko, 2002ko, 2009ko eta 2023ko kartelak.

Iban Galanen eguneraketa

Olariagak aipatzen duen artista horietako bat da Iban Galan Desegin. 2009an estreinatu zen eta ordutik urtero eman dio buelta bat kartelari; betiere, beste diziplina batzuetako sortzaileekin harremanetan. 2023ko kartelera begira, adimen artifizialari kritika bat egitea izan da Galanen helburuetako bat: "Ane Zuazubiskarren bertsoari Adimen artifizialak ezin dau hau sortu esaldia gehitu diogu, bereziki kultura sorkuntzan eremu asko jaten ari da-eta adimen artifiziala. Batetik, eskuz egiten den hori goraipatu nahi izan dut kartelean, ezin dugu-eta ahaztu santamasetan garrantzi handia ematen zaiola artisautzari. Eta eskuz egindako ilustrazioak ere aitortzeko, CMYK koloreak, pigmentu-koloreak edo eskuz egindakoak diren koloreak, erabili ditut STM hizkietarako".

Zuazubiskarrek honako bertso hau idatzi du aurten: Folklore ikutuko talo ta sagardau/nahiz tartien-tartien edozeini gustau.../ Ez, ez da museo bat ferixa bat da hau/ herri usaina dauko eta bizirik dau! Txerria ere badago kartelean, baina herritar bakoitzak margotu beharra dauka, zenbakiak lotuz: "Aurten herritarrei eman diet protagonismoa, jendeari. Aurtengo kartelean ez dago barazkirik ez beste elementurik; aurten jendea ageri da txerriaren bueltan dantzan. Kartelarekin azpimarratu nahi nuen herritar guztiok osatzen dugula jaia, eta horregatik ez dago txerria eginda; arrasatear bakoitzak egitaraua etxean jasotzen duenean, osatu dezala txerria. Hau da, denok gara kartelaren parte, jaiaren parte garen moduan. Herritar barik ez litzateke jairik egongo, eta hutsune hori ezin du adimen artifizialak bete".

Olariagaren "legatuari" eutsi

Umetatik miretsi izan duela aintzat hartuta, "natural" irten zaio Galani Olariagararen "legatuari" eustea; betiere, haren ukitua emanda: "Olariagaren kartelak beti ziren zuri-beltzean eta, txerriaz gain, beti agertzen ziren Portaloia eta Udalatx. Hori mantendu nahi izan dut, baina baita nire ukitua eman ere. Olariaga txikitatik miretsi izan dut eta banekien nolako garrantzia zuen haren kartelak santamasetarako; niretzat Arrasateko jairik ederrenak eta sortzaileenak dira, eta ohorea da ekarpen hori egitea. Eskerrak eman nahi dizkiet Komisiñoari, kultura taldeei eta Udalari; ea nire lana gustuko duzuen, eta gozatu santamas jaiez!".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak