Kultur ekitaldiek ez dute hutsik egingo aurtengo santamasetan; izan ere, arrasatearrek bertso jaialdi batez gozatzeko aukera izango dute. Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak antolatu du eta abenduaren 21ean Amaia antzokian izango du tokia jaialdiak; 19:30ean hasita. Ez da bertso jaialdia antolatuko den lehenengo urtea izango, baina, aurreko urtekoarekin alderatuta, berezitasun bat izango du ekitaldiak: herriko ordezkaritza. Lau bertsolarik beteko dute Amaia antzokiko oholtza, eta lau horietako bat arrasatearra izango da: Ane Zuazubiskar. Gainontzeko bertsolariak izango dira Oihana Bartra, Miren Artetxe eta Aitor Mendiluze. Lau parte-hartzaileek Olatz Zuazubiskar eta Maria Oses arrasatearrek jarritako gaiak erantzun beharko dituzte bertso bidez.
Sarrerak salgai
Dagoeneko erosi daitezke bertso jaialdiko sarrerak, eta, agortu ezean, hilaren 21ean ere erosi ahal izango dira. Sarrerak Amaia antzokiko leihatilan zein Arrasateko Udalaren webgunean – Arrasate.eus– egongo dira eskuragarri, hamar euroren truke. AEDko bazkideek, berriz, beherapena izango dute AEDn bertan erosiz gero; izan ere, gaur arte, zortzi eurotan erosi ahal izango dituzte sarrerak.
"Hitzordu garrantzitsua"
Ane Zuazubiskar da oholtza gainera bertsotan egitera igoko den arrasatearra, eta hark dio AEDk "asmatu egin duela" horrelako jaialdi bat herriko jairik garrantzitsuenetako batean antolatzen, nahiz eta jaiekin lotura zuzena izango ez duen. Gaineratu du "maila handiko bertsolariak" izango dituela lagun oholtza gainean, eta hori jaialdira joateko eragingarria izango da ikusle askorentzat. Harrerari dagokionez, dio "aldakorra izaten dela, eta Txapelketa Nagusiaren ostean beti egoten dela "ikusleen gorakada". Haiez gain, badaki batzuentzat "urteroko hitzordua" izaten dela bertso jaialdia, eta askok "egutegian nabarmenduta" izaten dutela: "Askok ez dute izaten aukerarik kanpoko jaialdietara joateko"; beraz, "harrera ona" izatea eta jendea antzokira joatea espero du.