Arrasateko Eroski hipermerkatuan ari dira Jostailu hezitzaileen kanpaina garatzen Gurutze Gorriko boluntarioak; bertan jarritako stand batean, jostailuak jaso, herritarrei argibideak eman eta jostailuentzat diru txekeak biltzen ari dira, horrela jostailuak erosi ahal izateko Gurutze Gorrikoek. Jostailu eta txeke bilketa zapatuan ere egingo dute, eta ondoren, sailkatze eta paketatzeari ekingo diote.
"Herritarrek, modu desberdinetan lagundu dezakete; jostailuak erosi eta eman ditzakete, edo gaur eta zapatuan jostailu txekeak eros ditzakete, gero guk erosteko. Bestetik, dohaintzak ere onartzen ditugu", azaldu du Elena Ibarrondo Gurutze Gorriko boluntarioak. Jostailuak eman nahi dituztenek, gaur eta zapatuan Eroskin bertan uzteko aukera dute, edo bestela Elorregira eraman behar dira; bestetik, txekeek 5, 10 eta 20 euroko balioa dute, eta horiek erosita lagundu nahi dutenek Eroskira bertaratu beharra daukate.
Proiektua gutxienez abenduaren 21a arte luzatuko da, izan ere, orduan izaten da jostailu banaketa. Elena Ibarrondok banaketa egin aurretik lan handia dagoela adierazi du: "familiekin harremanetan jartzen gara, eta abenduaren 21 goizean banatzen ditugu jostailuak. Familia bakoitzak bere ordua izango du, izan ere jostailuak sailkatuta izaten ditugu, haur bakoitzak bere adin tarterako jolas egokia izan dezan. Beraz bilketa amaitzean, sailkapenarekin eta paketatzearekin hasiko gara".
Dohaintzak egiteko
Diruz lagundu nahi duenak, baina egun hauetan Eroskira bertaratzerik ez duenak ere badauka laguntzeko aukera. Gurutze Gorriak dohaintzak ere onartzen ditu, horretarako kontu korronte honetara bidali behar da dirua: ES52 3035 0050 72 0500751008. Garrantzitsua da, ekarpena egiten duen pertsonak, dirua kontzeptu zehatz batekin bidaltzea, hain zuzen, 20055-JOSTAILUA, kontzeptuarekin.