Zapatuko festaren ostean, dituen erronkei begira jarri da AED

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko abe. 4a, 14:00

Arrasate Euskaldun Dezagun euskara elkarteak egun osoko festarekin jarri dio ginga urteurreneko egitarauari. Zapatuan egin zuten eta askotariko ekintzak izan zituzten arren, ekitaldiak hartu zuen pisu handiena. Festaren ostean, abenduaren 12an izango dute azken ekintza, Gotzon Barandiaranen eta Rafa Ruedaren eskutik.

Eñaut Muxika AEDko presidenteak elkartearen sorrerako urteak izan zituen, besteak beste, berbagai, sortzaileen lana aitortuz. Horietako bat izan zen, hain zuzen, Joxe Mari Muxika, eta zera adierazi zuen: "Ekitaldi xumea izan da baina betegarria, batez ere beteranoak garenontzat".

Atzera begiratzearekin batera, aurrera begiratzeko ere baliatu zuten saioa, elkarteak dituen erronkei erreparatuta. Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Irati Iciar ere izan zen ekitaldian eta nabarmendu zuen "asko" gustatu zitzaiola. "Hitzartzeak, bideoak, musika...Benetakoa izan da. Gainera, etorkizunera begirako ospakizuna izan da".

Joxe Mari Muxikak azpimarratu zuen AEDren sorreran lan handia egin zutela, baina oraindik asko dagoela egiteko: "Guk hasieratik esan izan dugu helburua dela Parisen frantsesak duen presentzia izatea Arrasaten euskarak. Errealitate hori oraindik urrun dagoela iruditzen zait".

Txatxilipurdi Elkarteko Lander Juaristik, azkenik, adierazi du AEDren aterkipean sortutako hainbat talde bere bidea egiten ari direla. "Horietako bakoitza egiten ari den bidea ikusita, nabaria da bakoitzak bere esparruan nahiko erronka handiak dituela eta horiei erantzuteko dihardugu lanean Txatxilipurdin, Ekin Emakumeak Elkartean edota Goienan. Gainera, AEDk jarraitzen du Arrasaten zoru komun hori izaten".

Abenduaren 12an, azkena

Behin festa bukatuta, urteurreneko azken ekintza geratzen zaie. Izan ere, Hitzen ahairea. Zeri kantatzen diogu euskaldunok? hitzaldi musikatua egingo dute abenduaren 12an, 19:00etan. Kulturolan izango da saioa, Udal Euskaltegiaren aretoan, eta doakoa den arren, izena eman beharko da aurrez, aed@aedelkartea.eus-era idatzita, edukiera mugak tarteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak