Euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatu dute AEDren ospakizunean

Hasier Larrea 2023ko abe. 2a, 17:39

Aurtengo egitarau mardulari ginga jarri diote gaur Arrasate Euskaldun Dezagun euskara elkarteko bazkideek eta herritarrek. Sorreratik 40 urte bete izana ospatzeko aurkezpen ekitaldia, erraldoi eta kilikien kalejira, magia saioa, bisita gidatua eta baba-jana egin dute.

Eguerdian eman diote hasiera Kulturateko ekitaldi sinbolikoari, iragana gogoan izanda, egungoari balioa emanda eta aurrera begira jarrita. Ainhoa Vitoria irrati esatariak egin ditu aurkezle lanak, eta Eñaut Zubizarreta Trigger-ek jarri du musika, Amaiur Luluaga dantzari garaikideak lagunduta. 

AEDko lehendakariak, Eñaut Muxikak, hitza hartu duenean, euskara elkartea sortu aurreko urteak ekarri ditu gogora: "Gau eskolak, euskaltegiak, ikastolak, kooperatiban euskara sustatzeko ekimenak edota Denok elkartea euskaltzaletasuna ereiteko eta bizirik mantentzeko ekimenak izan ziren, eta sekulako lana egin zuten AED sortu aurretik. Hala ere, ez zen nahikoa euskara biziberrituko bazen, eta AEDren sustatzaileek garbi ikusi zuten euskaldunek antolatu eta indarra batuta jardun behar zutela. Halaxe sortu zen Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea 1983ko azaroaren 29an".

Euskara elkarteen mugimenduari hasiera eman zion mugarria izan zen egun hura: "80ko hamarkadan euskara kalean apenas entzuten zen; errealitate hori eraldatzeko nahiez eta arduraz beteta ekin zioten AEDko sortzaileek bide luze eta oparo honi. Hemen eta orain esaten dugu egindakoaz harro gaudela". Muxikak AEDren historiako kide guztiei eskerrak eman dizkie, eta, besteak beste, aipamen berezia egin dio duela gutxi hil den Bittori Etxeberriari.

Publikoak bi bertso berezi entzun ditu jarraian musikatuta, Patxi Goikoleak duela 40 urte idatzitakoa eta Xabier Betzuen Tito-k pasa den ekainean AEDren erakusketarako prestatutakoa. Azkenik, gaur egungo argazki bat plazaratu dute, euskara elkartearen bueltan batzen diren pertsona ugariren testigantzak bideoan erakutsita; bertan, hizlari bakoitzak AEDri buruz duen iritzia azaldu du, modu metaforikoan sarritan.

Ekitalditik jai-girora

Horrelaxe eman diote hasiera gaurko egitarauari. Aretotik irteterako zain zeuzkaten erraldoi, kiliki eta dultzaineroak, baita Kidam magoaren bermut magikoa ere. Gainera, Anabel Ugalde historialariak bisita gidatua eskaini du herriguneko kaleetan barrena.

Bukatzeko, bazkari herrikoia egin dute Uarkapen. Babarrunak izan dituzte plater nagusi, aza eta saiheskiaz lagunduta. Bazkalostea Bea Egizabalen Klownklusioak bakarrizketarekin eta DJ Goikolearen disko-festarekin borobildu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak