ALBISTEAK

Gabonetarako motorrak berotzeko ekintza sorta

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko abe. 4a, 10:52

Gabonetako kanpaina aurkeztu du Arrasateko Udalak, 'Arrasate Bizia' lemapean, eta, beraz, herritarrek ekintzaz jositako abendua dute aurretik.

Gabonei begira, abendu osoko egitaraua aurkeztu du Arrasateko Udala. Herritarrak gabon giroan murgiltzea du xede, eta, beraz, 30 ekintza baino gehiago antolatu ditu, batez ere haur, gazte eta nerabeei zuzenduta. "Gabonak festa egun bereziak dira guztiontzat, baina bereziki maiteak dira haur, gazte eta nerabeentzat, eta, horregatik, aisialdiaz gozatzeko aukera berriak sortu nahi izan ditugu beraientzat", azaldu du Maider Morras Arrasateko alkateak.

Esate baterako, aste honi dagokionez, bi ekitaldi izango dira: batetik, hilaren 6an, San Nikolas boloa egingo dute, 12:30ean, Herriko Plazan; bestetik, Arrasateko Akordeoi Jaialdia egingo dute abenduaren 8tik 10era, eta hilaren 9an, gainera, iazko irabazleek kontzertua egingo dute Kulturateko areto nagusian, 18:00etan hasita.

Era horretan, "aisialdi eredu parte-hartzailea" bultzatu nahi izan du Udalak, Morrasek adierazi duenez. "Ikusle bilakatuko garen ikuskizun eta eskaintza kulturala eskainiz baina baita ikasteko eta parte-hartzeko aukera eskainiko dutenak ere bultzatuz". Adibidez, abenduaren 6an, 7an, 8an, 9an, 16an eta 17an, haur eta gazteentzako jolasak jarriko dituzte Biteri plazan, 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Horrez gain, herriko artisauek ere azoka egingo dute Seber Altube plazan, abenduaren 16an, 17an, 23an eta 24an.

Are gehiago, azpimarratu du bihar, abenduaren 5ean, piztuko dituztela Gabonetako argiak, auzo guztietan.

Hirugarren asteburua ere, betea

Abenduaren 15ean, astronomia kalejira eskainiko du A&B Show taldeak, 19:00etan Herriko Plazatik abiatuta, eta abenduaren 16a, berriz, egun betea izango da. Batetik, herritar guztiei zuzendutako pandero tailerra egingo dute Kulturolan, 11:00etatik 12:00etara, eta arrasatetrikitixaeskola@gmail.com helbidera idatzi beharko da izena emateko. Bestetik, Jostailu Truke Merkatua egingo du Txatxilipurdik Biteri plazan, 11:30etik 13:30era. Azkenik, Udalatx, ura eta atxa izango da, Amaia antzokian.

Hilaren 17an, Arrasate Musikaleko orkestra sinfonikoaren kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da Uarkapen, 13:00etan, eta egun berean egingo dute Santamas krosa ere, 11:00etan.

Abenduaren 20an, Arrasate Musikaleko ikasleek Gabonetako kontzertua eskainiko dute Juan Arzamendi Musika Etxean, 18:30ean. Abenduaren 21ean, erraldoi eta kilikien kalejira izango da 16:30ean, eta 19:30ean, aldiz, Santamasetako bertso saioa egingo dute Amaian. Hortik urtarrilaren 4ra arteko ekintza guztiak Goiena.eus webgunean daude ikusgai.

Lankidetzaren emaitza

Udalak, ordea, lankidetzan ondu du Gabonetako egitaraua, Ibai Arte merkatarien elkartearekin, Txatxilipurdi elkartearekin eta Santamas komisioarekin. "Udaletik eskerrik beroenak guztiei egindako lanarengatik", esan du Morrasek. Are gehiago, euskarak egitarauan duen garrantzia ere azpimarratu du alkateak; hain zuzen, "erdigunean" jarri dutela aipatu du. "Hizkuntza sustatze aldera, eskainiko diren antzerkiak euskarazkoak izango dira eta Biteriko jolasak hezitzaile euskaldunekin egingo dira. Horrez gain, ikuskizun eta jolas oroko inklusioa eta berdintasuna sustatzea ere izanago du helburu, noski".

Tokikoaren alde

Gabonetako egitarauak asmo du tokiko merkataritza eta kontsumoa sustatzea ere, eta helburua hori izanik, hainbat ekintza eta ekimen antolatu dituzte: esaterako, erakusleiho lehiaketa. Azaldu dutenez, gaur zabaldu da izen ematea, eta abenduaren 10era arte izango dute saltokiek parte hartzeko aukera. Horrez gain, bertako komertzioen aldeko spot bat ere grabatzen dabiltza, eta hilaren 10ean argitaratuko da. Are, gogorarazi dute oraindik ere martxan dela Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Bono-denda kanpaina, eta martitzenera arte erabili ahalko direla bonoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak