Lapurdiko Kiribil konpainiak sorturiko Maiteder antzezlana egongo da gaur Kulturaten. Bi antzezle –Fabrice Jacob eta Amaia Hennebutte– baino ez dituen ikuskizunak bidaia bat egitera gonbidatzen du publikoa; hala adierazi du Maiteder-eko antzezle den Amaia Hennebuttek: "Antzezlan bat ikustean bidaiatzea izaten dut helburu, eta zehazki antzezlan hau bidaia bati buruzkoa da".
COVID gaixotasunak sortutako pandemia eta etxean geratzeko beharra ardatz hartuta, bikote batek, irudimenari esker, egongelan izanik munduan zehar eginiko bidaiak kontatzen ditu istorioak. Antzezlana bera gauza gutxirekin egiten dutela aitortu du Amaia Hennebuttek: "Egunerokotasunean erabiltzen ditugun objektuak izaten ditugu antzezlanean; ez da inongo attrezzo ikaragarririk izaten; beraz, arin bidaiatzen dugu".
Gainera, euskarazko antzerki bisuala izateak nornahik ikusi dezakeen antzezlana izatea dakar: "Nornahik ikusi dezake, oso bisuala denez, ez da zertan guztia ulertu".
Haur eta helduentzat
Sarrera doakoa den arren, Kulturatek aurretiazko izen ematea jarri du martxan. Hala, sarrera kontrolatu bat izango dute; izan ere, haurrentzat zuzenduriko ikuskizuna den arren, ez da txikientzat, eta gurasoak ere gonbidatzen dituzte antzezleek: "Polita izaten da haurrek zein helduek gure ikuskizunaz gozatzea, eta biziki polita momentu emozionalak bizitu eta partekatzea". Hori horrela, Maiteder-eko antzezleak guztiok elkarrekin emozio bat bizitzea espero eta bilatzen du.