Arrasate Musikaleko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du abenduaren 17an

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko aza. 21a, 13:17

Arrasate Musikalen 50. urteurrenaren baitan egingo duten ekitaldia izango da eta gaur goizean egin dute aurkezpen ekitaldia. Denera 100 lagun elkartuko dira, egun orkestrako kide diren nahiz kide-ohiak, eta denera zortzi pieza interpretatuko dituzte. Sarrerak dagoeneko salgai daude Monte, Ezkiña, Aterpe eta Kajoi tabernetan hamar eurotan. JAMEn ere erosi ahal izango dira; kasu horretan, bazkideek zortzi eurotan.

Arrasate Musikalek 50. urteurrena borobiltzeko ekitaldi berezia antolatu du urte amaierarako; izan ere, Arrasate Musikaleko orkestra sinfonikoak kontzertua eskainiko du abenduaren 17an, eguerdiko ordubatean, Uarkape pilotalekuan. Ametsak betetzen izenburupean elkartuko dira orkestrako kide ohiak nahiz egungo kideak; denera ehun lagun baino gehiago egitaraua osatzen duten zortzi piezak interpretatzen. "Ikusiko da talde garrantzitsua izan dela eskolarako. Hasieratik ona zenbat kontzertu eman eta zenbat jende pasa den handik. Belaunaldi ezberdinetako jendea bilduko dugu", azaldu du Arrasate Musikaleko zuzendari Marta Izagirrek.

Gonbidatu bereziak kide ohiak bakarrik ez dira izango, bi zuzendari arrasatearrek gidatuko dute emanaldia. Alde batetik, Juan Arzamendi zenaren alaba Beatriz Arzamendik hartuko du batuta –egun Madrilen dihardu lanean– eta bestetik, Unai Urrechok –Hego Koreako Suwon Unibertsitateko orkestrako zuzendaria da–. Edorta Ayastuy da Arrasate Musikaleko ekintzen arduraduna eta haren hitzetan, kontzertuan parte hartzeko izan duten prestutasuna izugarria izan da: "Espreski datoz kontzertua zuzentzera".

Musikarien topagune

Musikariak banaka nahiz azpitaldetan ari dira entseguetan, baina egingo duten entsegu orokor bakarra abenduaren 16an izango da, emanaldia baino egun bat lehenago. Urteurreneko kontzertua izateaz gain, urte askoan ikusi barik egon diren lagunek elkar ikusiko dute. Eli Auzmendi, esaterako, orkestraren sorrerako biolinjoleetako bat da: "Jende pila bat ikusi barik nago. Andres Vazquez nire irakasle izan zen hasieran eta urte pila nago bera ikusi barik. Jarraitzen du biolina jotzen. Jende pila ikusi ez garena, bakoitzak bere bidea hartu du. Batzuk profesional moduan jarraitzen dute; beste batzuk ez eta meritua daukate instrumentua hartu eta kontzertuan jotzeko".

Sarrerak salgai

Gutxi gorabehera 1.000 sarrera daude salgai dagoeneko hamar eurotan Monte, Kajoi, Ezkiña eta Aterpe tabernetan; baita Juan Arzamendi Musika Etxeko idazkaritzan ere. Kasu horretan, bazkideek zortzi eurotan eskuratu ahal izango dituzte sarrerak. Ekitaldiaren egunean, sarrerarik geratzen bada, Uarkapeko leihatilan erosi ahal izango dira.

Antolatzaileek azaldu dute eserlekuak ez direla zenbakidunak, baina denboraz irekiko dituztela ateak. Era berean, Arrasatearrei nahiz inguruko herritarrei ere kontzertua ikustera joateko deia egin diete: "Animatzen dugu jendea bertaratzeko. Ikustea 100 laguneko orkestra bat benetan egunero ez dugu ikusten eta gozatzeko eguna izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak