Beste Bat! St. Pauli-Mondra taldea desegin egin da

Miren Arana Pagaldai 2023ko aza. 16a, 15:47

Hamahiru urte eta gero Arrasateko St. Pauli- Mondra taldea desegin egin da. Bertako kideak batu, eta bozketa egin ostean hartu du erabakia azken bileran. Arrasatearrek ez dute onartu Alemaniako futbol taldeak argi eta garbi ez salatu izana Palestina jasaten ari den genozidioa.

Ander Letona, Beste bat! St. Pauli-Mondrako kideak, azaldu du Hanburgoko futbol taldearen balio eta printzipioengatik egin zirela jarraitzaile. Orain, baina, taldeak zein jarraitzaileek Palestina eta Israelen arteko gerraren aurrean erakutsi duten jarrerarekin ez daude ados, eta erabat gaitzetsi dute "Israel egiten ari den genozidioa".

Azken ekitaldi bat deitu dute zapaturako, azaroaren 18rako: Palestinaren aldeko talde argazkia ateratzea. "Banderekin eta pankartaren batekin aterako dugu argazki bat. Eta gure erabakiaren eta arrazoien berri bidaliko diogu Alemaniako klubari".

Era berean, erabaki dute Beste Bat! St. Pauli-Mondrari geratzen zaion arropa Larrañako (Oñati) errefuxiatu-zentroari ematea, eta haien finantza-funtsetik %75 Palestinan lan egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakunde batera eta gainerako %25 Aita Marira bidaltzea.

Bukatzeko, taldeak eskerrak eman gura izan dizkie, hamahiru urteotan, kontzertu, bazkari eta parranden parte izan diren eta babesa erakutsi dien guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak