'Angeles de la guarda' argazki erakusketa ikusgai, Arrasateko Emakume Txokoan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko aza. 15a, 12:26

Atzo arratsaldean ireki zituen ateak Arrasateko Emakume Txokoan jarri duten  ‘Angeles de la guarda’ argazki erakusketak. Bidez Bide Gizarte Sustapenerako Kultur Arteko Elkarteak sortutako erakusketa da eta Rosa Villafuerte argazkilari peruarrak 2010ean ateratako argazkiek osatzen dute argazkilaritza erreportajea. Bisita gidatua egin zuten atzo arratsaldean.

Erakusketari dagokionez, argazkiek erakusten dituzte Latinoamerika hegoaldeko herrialdeetatik emigratzen duten milaka emakumeren nazioz gaindiko migrazio errealitateak eta jatorrizko herrialdean geratzen diren seme-alabekin ezartzen dituzten harremanak. Peruko bederatzi familien errealitatea; hau da, kasurik gehienetan ama gurera zaintza lanetara etortzean, haien seme-alaben duten zaintzaren erradiografia dira argazkiok. Argazkietan agertzen direnen kontakizunak partekatu zituzten bertaratu zirenekin Bidez bideko kideek atzo arratsaldean.

Soraya Ronquillo da Bidez Bide elkarteko presidentea eta hark argazkietan agertzen diren familia horietako asko ezagutzen ditu: "Familia horietako asko ezagutzen ditut, asko Perukoak baitira, eta batzuekin harremana izan dut. Adibidez, Mariaren familia norekin geratu zen? Nola egin zituen zaintza lan horiek? Aita bat ere badago bere seme-alabez arduratu behar izan zuena, ama Euskal Herrian zegoelako zaintza lanetan. Orduan, aipatu nahiko genuke nola kudeatu dituzten jaioterriko zaintza lan horiek bere familiaren ongizatea lortzeko hona lanera etorri zen ama horren faltan".

Esperientzia pertsonaletik bai, baina euren elkartean emakume askoren testigantzak jasotzen dituztelako sortu zen halako erakusketa sortzearen ideia. Ronquillok adierazi du Latinoamerikako emakumeen kasuan,  gehienetan, emakumeak eurak direla migrazio proiektua ekiten dutenak, eta haien familiak direla han geratzen direnak eta azken finean, kasu gehienetan, emakumeak direla bai hango eta baita hemengo zaintza lanetaz arduratzen direnak: " Testigantza horiek entzunda esan genuen. Emakume horien sorterriko errealitatea ere islatu beharko da ezta? Hor ikusten da existitzen den zaintza globalaren kate hori. Bai han; baita hemen ere zaintza krisia existitzen da".

Solasaldian Peruko familia horien bizipenak ezagutu eta zaintzaz aritzeaz gain, migrazioa, ikastetxeetako segregazioa eta bestelakoak ere izan zituzten hizpide; bai Bidez bidezko kideek, baita bertaratutakoek ere. Halaber, erakusketa hilaren 24ra arte egongo da ikusgai. Astelehenetik eguenera 10:30etik 18:00etara, eta egubakoitzetan, 10:00etatik 15:00etara.

Ekintza gehiago

Halaber, ez da Emakume txokoak azarorako antolatu duen ekitaldi bakarra. Hiruhilabete honetako egitaraua prestatzerako orduan, aintzat izan dute azaroaren 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Esther Lizarralde Arrasateko Emakume Txokoko dinamizatzailearen hitzetan, plangintza egiterakoan kontuan izan dituzte gaiak nolabait programatzen dituzten ekintza horiek hausnarketa bultzatzeko indarkeria matxistaren kontra: "Antolatutako ekintzek modu batera edo bestera indarkeria matxista azaleratzen dute baita ere eta helburua badute hausnarketa eta sentsibilizazioa sustatzea".

Egitarauan daude jasota bihar arratsaldeko zazpietan Juan Arzamendi Musika Etxean egingo duten Umore feminista zure kontsumorako bakarrizketa umoretsua edota Iñurri elkartearen eskutik, minbizia jasan dutenei laguntzeko eta gizartea sentsibilizatzeko asmoz jarri dute martxan Tabuen kutxatik oholtzara bertso-saio musikatua. Azken hori hilaren 24an izango da Amaia Antzokian arratsaldeko zazpietan eta Ane Labaka, Ane Zuazubiskar, Maialen Akizu eta Uxue Alberdi bertsolariek hartuko dute parte.

Erlazionatuak

Ekintzaz betetako azaroa du Emakume Txokoak

Eneko Azurmendi Barrena 2023 aza 10 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak