Ekintzaz betetako azaroa du Emakume Txokoak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 10a, 13:02

'Angeles de la guarda' erakusketako argazkietako bat.

Azaroaren 14an, esaterako, Angeles de la guarda argazki erakusketa irekiko dute Emakume Txokoan bertan. Bestalde, azaroaren 16an, Umore feminista zure kontsumorako bakarrizketa izango da eta hilaren 24an, azkenik, Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatua.

Azaroko egitarauaren berri eman du Arrasateko Emakume Txokoak. Martitzenean, esaterako, Angeles de la guarda argazki erakusketa irekiko Emakume Txokoan bertan, Rosa Villafuerteren argazkiekin, eta hilaren 24ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik eguenera 10:30etik 18:00etara eta egubakoitzetan, 10:00etatik 15:00etara. Lehen egunean, gainera, bisita gidatu bat ere egingo dute, 18:00etan hasita, eta emakume migratuek eta haien familiek bizi duten egoeraz ariko dira.

Erakusketari dagokionez, argazkiek erakusten dituzte Latinoamerika hegoaldeko herrialdeetatik emigratzen duten milaka emakumeren nazioz gaindiko migrazio errealitateak eta jatorrizko herrialdean geratzen diren seme-alabekin ezartzen dituzten harremanak. "Rosa Villafuerteren argazkien bidez hurbilduko gara Latinoamerikatik gurera migratutako emakume askoren errealitatera. Gurean, gehienbat, zaintza lanetan ari diren bitartean, haien herrialdeetan, haien amak edo ahizpek zaintzen dituzte, gehienetan, han utzitako seme-alabak. Erakusketan jasotzen dira hango familien irudiak eta testigantzak", azaldu dute Emakume Txokotik.

Azaroaren 16an, bakarrizketa umoretsua

Bestalde, datorren eguenean, azaroak 16, Umore feminista zure kontsumorako bakarrizketa umoretsua egingo dute Juan Arzamendi Musika Etxean, 19:00etan. Azaroaren 25ari begira, Indarkeria kontsumitzen dugu? izeneko kanpainaren baitako emanaldia izango da, SETEMen laguntzarekin osatutakoa, eta hiru bakarrizketa eskainiko ditu emanaldiak. Gaztelaniaz izango da saioa eta sarrera doakoa izango da.

Belen Nevadok (Pinturas de guerra), Silvia Albert Sopalek (Hablando en serix) eta Elsa Ruizek (Machismo a tope de cobertura) haien ikuspegiak eskainiko dituzte, umorez, SETEM Hego Haizearen Indarkeria kontsumitzen dugu? azterlanaren emaitzen gainean. "Hots, ironiaz, nork bere esperientzia pertsonalaren arabera, edertzeko produktuak, fikziozko telesailak edo aplikazio mugikorrak kontsumitzen ditugunean aurre egin ohi diegun indarkeria matxistaren egoerei ekingo diete", nabarmendu dute antolatzaileek.

Ekimena azaroaren 25aren testuinguruan antolatu du Arrasateko Emakume Txokoak, "indarkeria matxisten inguruan hausnarketa sustatzeko", SETEMen laguntzarekin.

Bertso saio musikatua, azaroaren 24an

Egitaraua borobiltzeko, Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatua egingo dute hilaren 24an Amaia antzokian, 19:00etan hasita –sarrera doakoa da–. Ane Labaka, Ane Zuazubiskar, Maialen Akizu eta Uxue Alberdi bertsolariak izango dira protagonista, Amaia Agirrek jarritako gaiei erantzunez. Era berean, Gari Otamendik eta Ixak Arrutik jarriko dute musika.

Iñurri elkartearen eskutik, minbizia modu batera edo bestera jasan dutenei laguntzeko eta gizartea sentsibilizatzeko asmoz jarri dute martxan Tabuen kutxatik oholtzara proiektu solidarioa, "gertutik bizitako esperientzien harira". Emakume Txokoak bat egin du Iñurri elkartearen proiektuarekin eta hilaren 24ko ikuskizunaren bidez, "gaur egun gizartearen ahotan eta mediatikoki hain ezaguna den gaixotasunaren atzean, minbiziaren atzean", ikusarazi nahi dute orokorrean uste dena baino mundu zabalagoa dagoela, "gaixotasunak inposatzen duen isiltasuna hautsi, mamuak zokoratu eta tabu diren gaiak azaleratzeko".

Iñurri elkartekoek ekarpen xume bat egin nahi dute bularreko minbiziari lotutako estereotipoak gainditzeko, eta haien esperientzia, ahotsa eta gorputza plazaratu; bide batez esanda, urteetan ukatu zaion presentzia eta espazioa eskaini, eta sortzen dituen emozioak azalarazi. "Batzuetan serio, besteetan umorez, minbizitik biziminera. Izan zaitez eraldaketaren parte, izan zaitez Iñurri!".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak