Lehenik eta behin, esker berbak izan dituzte Intxorta 1937 Kultur Elkartearen izenean berba egin duten Julia Mongek eta Juan Ramon Garaik. "Eskerrik asko 1985etik ikasten eta aurrera egiten joan den memoria elkarte txiki baten lana aitortzeagatik", nabarmendu dute. Atzera begiratzean, egiaren eta justiziaren alde egindako guztiaz harro sentitzen direla ere adierazi dute: "Zer litzateke pertsona edo herri bat bere historiarik gabe?".
Era berean, aitortza hau partekatu gura izan dute: "Debagoieneko beste herri batzuetako memoriaren alde lan egin zuten lagunentzako ere bada aitortza hau: Aretxabaleta, Elgeta, Oñati eta baita Eibar ere. Horrez gain, Bergarako Ondo Bihurtu Taldeaz ez gara ahazten, 90eko hamarkadan sortu zenetik elkarlanean aritu baikara. Sinergia horri guztiari esker sortu ahal izan genuen Intxorta 1937 Kultur Elkartea, 2005ean", adierazi du Mongek.
Azkenik, esker hitzak izan dituzte honako hauentzat ere: "Dragones, Saseta, Amaiur, UHP, Amuategui, Loiola eta bestelako batailoietan kolpe militarrari aurre egin zietenei; tragedia honen erdian borrokatu eta bizia mantendu zuten milaka emakumeei; erbesteratu behar izan zituzten haurrei, gure hizkuntza zapalduta ikusi zuten euskaldun guztiei…".
Jokin Etxebarria kazetariak aurkeztu du 45 minutu inguru iraun duen aitortza ekitaldia, eta nabarmendu "zentzu osoa" daukala Intxortak lau hamarkadatan memoria historikoa berreskuratzeko eta azaleratzeko egindako lana aitortzeak. "Asko dira Intxorta Elkarteak bere ekimenez eta askotariko laguntzei esker egindako lan eta ikerketak. Baina gaurkoan bereziki gogora ekarri nahi dugu 2019an Udalaren laguntzari esker argitaratutako Memoria partekatu baterantz. Arrasate. 1936-1956. Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa liburua". Izan ere, Arrasaten izandako eta arrasatearrek pairatutako "indarkeriaren ondorio lazgarriak eta jasandako giza eskubideen urraketak" jaso zituen liburu hark.
Maider Morras alkateak ere hartu du berba, Bizikidetza Batzordeko kide Jasone Giraldo, Agurne Juldain, Aritz Murua eta Eva Abuinen babesarekin, eta adierazpen instituzionala irakurri du, elkarteak memoria berreskuratzearen alde egindako "lan nekaezinari" balioa emanez. "Ibilbide luzea bezain emankorra da zuena. Ehunka testigantza, dokumentu historiko eta artxibo ezberdin ekarri dituzue argitara, askotariko formatutan: liburuak, erakusketak, hitzaldiak, ikus-entzunezkoak... Dozenaka proiektu jarri dituzue martxan helburu bakar batekin: ikusezin nahi zituzten biktimei izen eta abizenak jartzea. Euren duintasuna berreskuratzea. Ez hori bakarrik, istorio bat ere eman diguzue. Indarrez kendu zituzten bizitzen istorioak argitara ekarriz. Dagokien balioa emanez", adierazi du alkateak.
Bukatzeko, poema
Ekitaldia borobiltzeko, Maria Osesek eta Asier Etxebarriak Intxortarentzat espresuki sortu duten poema eskaini dute: Itsasoa bezain sakona da memoria. Besteak beste, hala dio: "Itsasoa bezain sakona eta ezezaguna da memoria, baina eskerrak baditugun ikerlari abilak gure herrian, memoriaren olatu bizietan murgiltzen direnak itsasoaren sekreturik handienak guri ekartzeko, ez gaitzan itsasoak inoiz ere berriz irentsi".