Arrasateko Oktubre Taldeak eta Bergarako Ondo Bihurtu Taldeak jarri zituzten, nagusiki, gerora Intxorta 1937 Kultur Elkartea izango zenaren haziak. Izenak izen, ordea, 80ko hamarkadaz geroztik, helburu bera izan dute hiru taldeek: kolpista frankisten aurrean erresistentzia jarri zuten pertsonen memoria berreskuratzea, egia jakitea eta erreparazioaren alde lan egitea. Egun Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide diren Nati Roak, Juan Ramon Garaik eta Julia Mongek ondo gogoratzen dituzte hasiera horiek. Espainiako Gerra Zibila galdu zutenen kontakizuna behar zela ikusi zuten: "Diktadorea hil ostean ere, diktadura garaian bezala, bazirudien 36ko gerran fusilatutakoak eta desagertuak ez zirela existitzen. Gudan gure herrietan egindako sarraskiak gai ukiezinak ziren, irabazlearen kontakizuna bakarrik zegoen". Hain justu, hutsune hori betetzeko konpromisoarekin hasi ziren lanean, 1985. urtean.
Orduko hartan, historia ikasketak egiten ari zen Jabi Balanzategi arrasatearra, eta erabaki zuen tesia 1934ko urriko iraultzari buruz egitea. Une horretan, Arrate Landa eta Aitor Landaluze irakasleek eta Andoni Lopez de Munain eta Juan Ramon Garai langileek izen gabeko taldea sortu zuten, ikertzen hasteko. "Iraultza horretan parte hartutakoak elkarrizketatzen eta artxiboetara joaten hasi ginen. Testigantzak jasotzerakoan, konturatu ginen 1934ko iraultza eta kolpe militarrari egindako erresistentzia oso lotuta zeudela, baita XX. mendearen hasieratik bizi izandakoak ere", adierazi du Garaik.
1986an, frankisten altxamenduaren 50. urteurrena zela, jasotako informazioa aprobetxatu zuten Memoria isilpeko argitzen erakusketa egiteko. "Arrakasta handia izan zuen eta balio izan zigun beste testigantza batzuk, argazkiak eta dokumentu berri mordo bat lortzeko".
Lehen aldia zen gaia Arrasaten kaleratzen zutela. Gainera, erakusketan debate bat ere egin zuten Dragones batailoiko miliziano Jose Maria Arriaranek eta Saseta batailoiko gudari Joseba Elosegik, eta "oso arrakastatsua" izan zen. "Lortu genuen gaiaren inguruan herritarren artean zegoen isiltasuna apurtzea, eta ahozko testigantza asko jaso genituen. Hitza eman gura genien urte haiek bizi izan zituzten errepublikanoei, ezkerrekoei eta abertzaleei, bereziki fusilatuen senideen alargunei eta seme-alabei".
Espainiako Gerra Zibila galdutakoen kontakizuna jasotzeko sortu zuten Arrasaten Oktubre Taldea, 1986ko urrian, 1934ko urriko iraultzari keinu bat eginez. Argazkikoak izan ziren sustatzaile nagusiak. Hor sortu ziren Intxorta 1937 Kultur Elkartearen haziak.
Geroz eta material gehiago
Apurka, geroz eta material gehiago batzen hasi ziren. "Paulo Kerexeta idazleak fusilatuen zerrendak eman zizkigun; Pedro Uribarrena udal artxibozain izandakoak berak gudariei egindako elkarrizketak eman zizkigun, eta Hernaniko eta Oiartzungo erailketen inguruko datu berriak ere jaso genituen Maite Landinen eta Manuel Lekuona apaizaren eskutik". Hala, 1986ko urrian, Oktubre Taldea sortu zuten eta, material horrekin guztiarekin, liburu baten zirriborroa ere egin zuten. "Jose Letona historiagileari eraman genion, gustatu zitzaion egindakoa, eta bere artxiboa ireki zigun. Hala, asko hobetu genuen testua".
Era berean, 1986ko urriaren 31n, Oktubre Taldeak mozio bat aurkeztu zuen Arrasateko Udalean, fusilatuei monolito bat jartzeko. "Erantzuna ezezkoa izan zen, 'zauri zaharrak ez irekitzeko', haien esanetan".
Hori guztia izan zen oinarria Arrasate 1936. Belaunaldi etena liburua argitaratzeko. "Ezelako laguntzarik gabe egin genuen hori, batzuek uste baitzuten ezkutuan jarraitu behar zuela azaleratu genuen horrek". 37/87 Gernika jaialdian aurkeztu zuten liburua, 1987ko apirilaren 21ean. Horrekin batera, Arrasateko plazan omenaldi bat egin zieten eraildakoei eta plaka bat jarri zuten Arrasateko Legarre auzoan, fusilatutako pertsonen izenekin.
Eskualde mailako izaera
Oktubre Taldearen sorreratik urte batzuetara hasi zuen bere bidea Ondo Bihurtu Taldeak, 1996an, eta memoria historikoa errekuperatzen hasiak ziren Aretxabaletan eta Eibarren ere. 2002an, Debagoieneko Fusilatuen Senitartekoen Asanblada sortu zuten, eta hori izan abiapuntua Debagoieneko udal guztiek onar zezaten orduko Laubide plazan monolitoa jartzea, eraildako eta desagertuen izenekin. "Urte askotan, 1979ra arte, Guardia Zibilen kuartela egon zen leku hartan, baita gerora desagertu ziren Leintz bailarako atxilotuak ere. Omenaldi hartarako hasi ginen lanean gero Intxorta taldea sortu genuenok".
Hortik etorri zen Intxorta 1937 Kultur Elkartearen sorrera, 2005eko abenduan, eta Arrasateko, Bergarako, Oñatiko, Aretxabaletako, Elgetako eta Eibarko kideek osatu zuten. "1937ko apirilean faxisten erasoak gelditu zituzten gudari eta milizianoen omenez jarri genion izena, non Arrasateko eta Aretxabaletako Dragones batailoikoak eta Oñatiko eta Bergarako UHP batailoikoak erresistentzian egon ziren", diote Intxortako kideek.
Lehen urteetako bultzada
Elkarteak bultzada handia izan zuen hasiera hartan eta, 2006an, omenaldi handi bat egin zuten Arrasaten, "gertatutakoaren lekuko zuzenak izan ziren pertsona askorekin". 2007an, halaber, Intxortako atea eskultura jarri zuten Elgetako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin eta, 2010ean, Memoria Historikoaren Interpretaziorako Zentroa ireki zuten Espaloian, baita Intxorta mendietan berreskuratutako lubakietako ibilbidea ere. Urte berean sortu zuten argitaletxea ere eta, gaur egun, 28 liburu eta zazpi dokumental dituzte argitaratuta, "guztiak oroimena berreskuratzearekin lotuta". 2012an, era berean, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kide egin zen elkartea.
Emakumeen memoria argitara
Intxorta 1937 Kultur Elkartearen helburuetako bat bada emakumeen memoria kolektiboa berreskuratzea eta zabaltzea ere. "Nagusiki, historiarekin justizia egiteagatik, letra larriz idazten den Historia horrekin, non emakumeak, askotan, ikusezin bihurtu diren. Errepresioak eta diktadurak askotariko genero berezitasunak dakartzate. Izan ere, genero sistemaren posizio hierarkikoek bizi-esperientziak eta harreman sozial guztiz desberdinak inplikatzen dituzte. Muturreko pobreziaren egoeran, amatasuna, ugalketa, egunerokotasunean bizirik irautea, ekonomia familiarra, zaintza lanen etika edota etxeko lanak betidanik egon dira politikaren logikatik kanpo. Aldiz, eta gizartearen garapena ulertzeko, alderdi hauek guztiak ezinbesteko elementu esanguratsu bilakatzen dira. Baina emakumea 'agente aktibo' seinalatzen duten praktika horiek oso gutxitan azaltzen dira historian 'ikasgai' gisa", nabarmendu dute.
Egindako lanari aitortza
Gaurko aitortzari dagokionez, zera diote elkarteko kideek: "Azken urteotan tratu estua izan dugu Udalarekin. Gure lana babestu dute eta hurbiletik ezagutzen dute; badakite gauzatutako proiektuak militantzia desinteresatu baten ondorio direla eta, beraz, beti egiten du ilusioa hori guztia aitortzeak. Esker ona helarazi nahi diegu horretan parte hartu dutenei". Horrez gain, Intxortak egiten duen lanera hurbiltzen diren pertsona guztiek atzean dagoen ahalegina aitortzen dutela uste dute elkarteko kideek. "Agian ez da gehiengo handi bat, baina, gaur egun, erreferentzia handia gara memoria arloan; serio hartzen gaituzte, sinesten dute eta gure lana baloratzen dute. Seguruenik, pertsona gehien elkarrizketatu dituen elkartea izango gara, eta hori ohore handia da guretzat. Pertsona horietako asko guk egin ahal izan diegun aitortza bakarrarekin hil dira".
2024a, "proiektuz josita"
Aurreratu dutenez, irailean gerrako haurrekin egindako tailerren jarraipena izango den erakusketa bat dute esku artean, Basque Children of '37 Association-ekin eta Judith Martinez Estradarekin elkarlanean. Halaber, Arrasateko emakumeen torturari buruzko liburu bat ere argitaratuko dute, "lan kolektibo baten ondoren, genero ikuspegitik egina". Azkenik, gerrako haurren ikerketa Euskal Herri osora zabalduko dute eta Txilera ere joango dira: "Winnipeg ontziaren iritsieraren 85. urteurrena ospatuko dugu, erakusketa handi batekin eta zeharkaldi horri buruzko liburuaren bigarren edizioarekin".
Lanean jarraituko dute
Egindakoa asko izan arren, beste asko dago egiteko. "Egiaren bilaketa gu bezalakoen sorbaldetan dago oraindik, orain erakundeen laguntza handiagoa izan arren. Justizia arloan dugu erronka handiena, ehunka kereila baitaude epaitegitan, aurrera egiten ez dutenak. Gainera, artxibo askok frankismoaren bunkerrak izaten jarraitzen dute, lege zentzugabeekin". Oztopoak oztopo, baina, lanean segituko du Intxorta 1937 Kultur Elkarteak.