Intxorta 1937 Kultur Elkartea omenduko du Arrasateko Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 31a, 13:19

Azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, egingo diote omenaldia elkarteari, "elkarbizitzaren eta memoria historikoaren berreskurapenaren alde egindako lan nekaezinagatik". Horrela adostu dute aho batez Bizikidetza Batzordeko alderdi guztietako kideek.

Arrasateko udalbatzan ordezkatuta dauden lau alderdiek osatzen dute Bizikidetza Batzordea eta, aho batez onartuta, Intxorta 1937 Kultur Elkartea omenduko du Arrasateko Udalak Memoriaren Egunean. Horren berri emateko prentsa agerraldia egin dute gaur Jasone Giraldok (EH Bildu), Agurne Juldainek (EAJ-PNV), Aritz Muruak (PSE-EE) eta Eva Abuinek (Elkarrekin Arrasate), udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Hala, Jokin Etxebarria kazetariak aurkeztuta, azaroaren 10ean egingo dute aitortza ekitaldi instituzionala, 18:30ean, Kulturateko klaustroan, eta Udalak "aitortza garrantzitsu horrekin bat egiteko" dei egin die arrasatear guztiei.

Jasone Giraldok egin du berba Bizikidetza Batzordearen izenean, eta zera adierazi du: "2023. urtea berezia izan da. Udal hauteskundeak direla eta, Bizikidetza Batzordea berritu behar izan da eta, ondorioz, alderdi batzuen udal ordezkari berriak izendatu behar izan dira. Honek batzordearen lanketa atzeratu du, eta horregatik, aurtengo azaroaren 10a ezberdina izango da. Azken urteotan, eraildako biktimak aitortzeko baliatu izan du Arrasateko Udalak Memoriaren Eguna, baina aurten, halako ekitaldi batek behar duen zaintza eta denbora bermatzea zaila ikusi dugu eta, beraz, elkarte batek jasoko du aitortza".

Kasu honetan, "elkarbizitzaren eta memoria historikoaren berreskurapenaren alde egindako lan nekaezinagatik" omenduko dute Intxorta 1937 Kultur Elkartea.

Lanean jarraitzeko konpromisoa

Era berean, azaldu dutenez, Bizikidetza Batzordeak bere lan-dinamikari berrekin dio ikasturte berria hastearekin batera, "bizikidetzarekiko eta memoria historikoarekiko konpromisoan aurrera egiten jarraitzeko". Datozen urteetara begira, giza eskubideen urraketen biktimei aitorpena egiten jarraitzeko borondatea agertu dute batzordekideek.

Azkenik, Arrasateko Udalak memoriarekin eta bizikidetzarekin duen konpromisoa berretsi duela nabarmendu dute, eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteari egindako aitortza hori "urrats garrantzitsua" dela "etorkizuneko belaunaldientzat memoria sendo eta partekatua eraikitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak