Alberto Urretxo tronboi-jole profesionalaren deia jaso zuten Arrasate Musikal eskolakoek, maiatzean, Euskal Herri mailako tronpeta-joleen topaketa Arrasaten egitea proposatuz. "Bilboko Orkestra Sinfonikoko tonboi-jole bakarlaria da Urretxo, eta baita Euskadi Brass taldeko kidea ere; bera arrasatearra izanik eta musika eskola berria estreinatu dugunez, elkarrekin topaketa hori Arrasaten antolatzea proposatu zigun", azaldu du Arrasate Musikaleko tronpeta-irakasle Edorta Aiastuik.
Ehun lagun inguru batuko dira, bihar, Juan Arzamendi Musika Etxean egingo dituzten ekitaldietan parte hartzeko. "Tronpeta jotzen duten guztiendako da gonbidapena; hori horrela, Euskal Herriko musika eskoletako ikasleak eta irakasleak etorriko dira –horien artean, Arrasatekoak eta Aretxabaletakoak–, kontserbatorioetako goi mailako ikasleak ere bai, eta baita tronpeta-jole amateurrak eta profesionalak ere. Bitxikeria moduan, Santanderretik ere badatoz musikari batzuk".
Hitzaldiak eta kontzertuak
Ikasleen eta irakasleen arteko harremanak sendotzea du biharko topaketak helburu. "Bizipenak eta metodologiak partekatuko ditugu, eta gauza berriak ikasi ere bai. Asmo horrekin gonbidatu ditugu Musikene goi mailako musika ikastegiko tronpeta irakaslea eta freelance moduan formazio ezberdinekin bakarlari moduan jarduten duen Luis Gonzalez, batetik, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko tronpeta bakarlaria den Migel Anjel Torres, bestetik. Euren bizipenak kontatuko dituzte Auditoriumean egingo dieten elkarrizketan, eta, horrez gainera, goi mailako klaseak eskainiko dituzte. Jazzari ere tokia egingo diogu Jabi Perez aditua gonbidatuta, eta tronpeta marka ezberdinen erakusketa ere prestatu dugu".
Kontzertuak ere izango dira. "Aretxabaletako eta Arrasateko ikasleek profesionalekin batera kontzertua egingo dute goizean, eta 19:00etan hasiko da Euskadi Brass taldeak Musikeneko tronpeta-joleekin egingo duena; azken hori guztiondako zabalik dago. 18:30ean zabalduko dugu leihatila, geratzen diren gonbidapenak banatzeko".