Ekitaldi berezia, baba-jana eta askoz gehiago AEDren 40. urteurrena festa giroan ospatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko aza. 7a, 18:45

Urte osoan zehar hainbat ekitaldi antolatu ostean AEDk abenduaren 2an borobilduko du 40. urteurrena, eta horretarako jaia antolatu dute egun osoko egitarauarekin. Besteak beste, Uarkape frontoian baba-jana antolatu dute; sarrerak bihar, azaroak 8, jarriko dituzte salgai AEDren egoitzan eta Monte zein Irati tabernetan.

Egunari hasiera emango diote 12:00etan Kulturateko areto nagusian, Egindakoaz harro goazen haratago ekitaldiarekin: "Gure urteurreneko leloarekin bat etorriz, ekitaldi hau antolatu dugu 40 urte hauetan egindako lana aitortu eta gaur egun egiten duguna zein aurrera begira ditugun erronkak plazaratzeko". 

Ekitaldia amaitu ostean, 13:00etan, kaleak hartuko dituzte Seber Altube plazatik hasiko diren ibilbideekin. Alde batetik, erraldoien eta kilikien konpartsa ibiliko da kalea alaitzen. Bestetik, "bermut magikoa" antolatu dute Kidam magoarekin, bere magiaz gozatzeko aukera egongo da herriko kaleetan zehar. Horrez gain, bisita gidatua egingo da Anabel Ugalderekin Arrasateko alde zaharrean; azken ekintza honek plaza mugatuak izango ditu eta aurrez izena eman beharko da, AEDn.

Baba-jana Uarkapen

Ondoren, bazkaria etorriko da, 14:30ean. Baba-jana antolatu dute Uarkape pilotalekuan. Txartelak salgai egongo dira azaroaren 8tik aurrera AEDren bulegoan, Monten eta Iratin. Helduen txartelak 15 eurotan salduko dira eta 12 urterainoko haurren kasuan, 10 eurotan: "Nabarmendu nahi dugu, baba-janean begetarianoentzako aukera izango dela, izan ere, izango dituen gehigarriak (sakramentuak eta aza) banatuta egongo dira bakoitzak nahi duena hartzeko aukera izan dezan. Horrez gain, gazta eta irasagarra izango ditugu postre moduan. Ohar bezala, azaldu nahiko genuke edariak ez direla barne egongo eta hauek erosteko aukera izango dela frontoian bertan". 

Bazkaloste umoretsua ere izango dute Uarkapera bertaratzen direnk, Bea Egizabalekin eta Klownklusioak izeneko bakarrizketaz gozatzeko aukera egongo da-eta. Eta urteurren festarekin amaitzeko, DJ Goiko-ren txanda iritsiko da: "Bere musikaz girotuko du pilotalekua; auzolanean bazkarikoa jasoko dugu eta eguraldiak laguntzen bagaitu, kalera joango gara kalejiran guztiok batera. Horrela emango diogu amaiera egun berezi honi. Deia egin nahi diogu Arrasateko euskaltzale orori AEDren urteurreneko jaian parte hartu dezan eta guztien artean giro apartean egun berezi hau ospatu dezagun". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak