Arrakasta izan dute Emakume Txokoak antolaturiko jardunaldi feministek

Josu Bilbao Atxutegi 2023ko urr. 29a, 10:48

Arrasateko Mugimendu Feministaren ibilbidea gogoratzeko, feminismoaren inguruan hausnartzeko, eta Emakume Txokoaren 20. urteurrena ospatzeko jardunaldiak egin dituzte aste bukaeran.

Arrasateko Emakume Txokoa aitzindaria izan da Euskal Herrian, Ermuakoarekin batera, 2003ko apirilean eman zituen-eta bere lehenengo pausoak. Arrasateko Mugimendu Feministak ereindakoa batu, eta, dagoeneko, 20 urteko ibilbidea egin du Emakume Txokoak.

Urteurren berezia ospatzeko, jardunaldiak antolatu zituen astebururako Arrasateko Emakume Txokoak. Egubakoitzean, Amestu, pentsatu, sortu. Balore feministak oinarri beste 20! mahai inguruarekin ekin zioten, eta ostean, Feminismo deskoloniala: praktika politiko bat aktibismo feministarako eta LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko neurriak. Posible al da hori udalgintzatik? tailerrak izan zituzten. Arratsaldean, Greba feministaruntz! bideo-emanaldia izan zuten, eta Emakume Txokoaren 20. urteak eta Arrasateko Mugimendu Feministak egindako lana ospatzeko topa berezia egin zuten Seber Altube plazako karpan.

Ekitaldi hunkigarria izan zen egubakoitz iluntzekoa, urte hauetan feminismoaren alde lan egin duten eta dagoeneko zendu diren emakumeak gogoratu zituzten-eta. Omenaldian arrasatear ugari batu ziren, eta txalaparta doinuak eta kantuak ere eskaini zituzten.

Zapatuan, Justizia Feminista ehuntzen: erreparazioa, komunitatea, herrikidetza. mahai-inguruarekin ekin zieten jardunaldiei, eta arratsaldean, Kulturateko klaustroan, Onintza Enbeitaren eta Ainhoa Etxaideren testigantzak entzuteko aukera izan zuten bertan bildu ziren emakumeek. Enbeitak eta Etxaidek, Madrilgo diputatu eta LABeko idazkari nagusi izan zireneko testigantzak elkarbanatu zituzten, botere-harremanen inguruan hausnartzeko eta bizi izan zituzten egoerak salatzeko.

Solasaldiaren ostean, Beatriz Narbaiza umoregileak bakarrizketa bikaina eskaini zuen, Onintza Enbeitaren eta Ainhoa Etxaideren testigantzei erreferentzia ugari eginez. Ikusleek barre-algaraka gozatu zuten bakarrizketaz. Jardunaldiei amaiera gaztetxean eman zioten atzo, zapatua, bakarrizketa eta kontzertuekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak