25 urteko ibilbidea du Bergarako koreografo Edu Muruamendiarazek gidatzen duen Aukeran dantza konpainiak eta urteurrena ospatzeko abiatu zuten, iaz, Migratzaileak ikuskizuna. "Sorkuntza prozesuan buru-belarri ari ginela hurbildu zitzaigun Senegaletik etorritako kale-saltzaile bat euskaraz berbetan. Bat-batean han ikusi nuen ikuskizunaren muina izan zitekeen haria; bere bizitza kontatzeko eskatu genion, eta hala osatu genuen gero Migratzaileak", azaldu du Muruamendiarazek.
Taularen gainean zortzi dantzari gazte daude. "Euskal dantzak oinarri, estilo garaikidearekin eta klasikoarekin uztartutako koreografiak egiten dituzte Xabi Aburruzagak sortutako musikaren gainean, Oskar Armendarizek egindako jantziak soinean dituztela eta Karlos Solanok egin duen argien diseinuak eta ikus-entzunezko muntaiak lagunduta".
Arrasateko emanaldiaren ostean, Argentinara eta Uruguaira joango dira bi astetarako. "Necochea hiriko Euskal Astera gonbidatu gaituzte Migratzaileak ikuskizuna eskaintzeko, eta Montevideora joango gara gero".