Krisi ekosozialaz ariko da Unai Pascual ikerlaria astelehenean

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 25a, 11:05

Unai Pascual ikerlaria. (Argazkia: Andoni Canellada/Foku).

Harreman Dendaren 25. urteurreneko ekintzak borobiltzeko, Ikerbasqueko ikerlari Unai Pascualek gaur egungo krisi ekosozialaren inguruan hitz egingo du urriaren 30ean, Kulturateko areto nagusian, 18:30ean.

Klimaz haratago, krisi ekosoziala hitzaldia egingo du ikerlariak astelehenean. Adierazi duenez, egungo gizartearen eta ingurumenak bizi duen egoeraren diagnostiko bat egiten saiatuko da. "Ingurumen eta bioaniztasun krisiaz gain, krisi soziala ere bizi dugu, eta elkar elikatzen dira. Gizarte eta ekonomia eredu baten agortze fase batean gaude eta norbanakoen balioak ere aztertuko ditugu. Izan ere, klima-aldaketa aipatzen dugu, baina gizarte moduan gabezia eta arazo potoloak ere badaude", nabarmendu du.

Gabezia eta arazo horiek azaleratu ezean, dio, zaila izango dela hori iraultzea: "Ez badugu arazoaren jatorria ulertzen, nekez jakingo dugu hori konpontzen eta ez dugu jakingo ze etorkizun gura dugun. Horregatik, jakin behar dugu zergatik heldu garen honaino eta hausnarketa betaurreko egokiekin egin beharko dugu". Arazo globalez gain, Euskal Herriko egoeraz ere egingo dute hausnarketa, politika energetikoez, esaterako.

Esperientzia handiko ikerlaria

Unai Pascual Ingurumen Ekonomian doktorea da (Yorkeko Unibertsitatea, Erresuma Batua 2002). Gaur egun, Ikerbasqueko ikertzailea da Klima Aldaketari buruzko Euskal Zentroan (BC3), eta Bernako Unibertsitateko Garapen eta Ingurumen Saileko kidea da. Lehenago, irakasle titularra izan zen Cambridgeko Unibertsitatean 10 urtez, eta Manchesterreko Unibertsitatean eta Deustuko Unibertsitatean eman ditu eskolak. 25 urte baino gehiagoko esperientzia du ekonomiaren eta ingurumen-aldaketa globalen arteko erlazioari buruzko ikerketan. Klima-aldaketari eta biodibertsitatearen kontserbazioari lotutako ingurumen-politikari buruzko 200 artikulu zientifiko, liburu eta txosten tekniko baino gehiago argitaratu ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak