Urteurreneko ekintzak urrian borobilduko ditu Harreman Dendak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 18a, 11:02

Bidezko merkataritzako txokolatea saltzeko postua, iazko azokan.

25. urteurrena ospatzen jarraitzen dute eta, testuinguru horretan, asteburu betea datorkie. Batetik, bertako produktuen azokan bidezko merkataritzako txokolatea saltzen egongo dira eta, bestetik, Mundukideren lasterketa solidarioan parte hartuko dute. Halaber, Unai Pascual ikerlariaren hitzaldia antolatu dute hilaren 30erako.

Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen atzo, urriak 17 eta, "tamalez", ez dute zer ospatu Harreman Dendan. "Momentuz, ezin izan dugu pobreziaren mamua mundutik uxatu. Ezinezkoa, mundu justuago bat eraikitzen ez dugun bitartean. Injustiziak dakar pobrezia. Pobreziak, gosea eta etorkizun falta. Aberasteko grinak, lurra eta gizakien esplotazioa. Besteak beste, Latinoamerikako eta Saharaz hegoaldeko biztanleriak, iparraldeko lurraldeetan bilatzen du babesa, migrazioa arazo larrienetako bat bihurtuz. Eta Siria, Sahel, Ukrania eta orain, Palestinako gerrateek, samina eta pobrezia zabaltzen jarraitzen dute", salatu dute.

Harreman Dendaren 25. urteurrenean, "inoiz baino garrantzitsuagoa" iruditzen zaie pertsona zein komunitateen eskubideak eta naturaren errespetua erdigunean jartzen dituzten ekimen ekonomiko zein sozialak bultzatzea. "Bidezko Merkataritza tresna eraginkorra dela uste dugu, pobrezia eta zenbait abusu ekonomiko, politiko zein sozial bukatzeko".

Urteurrena ospatzeko, hainbat ekintza egin dituzte dagoeneko eta aurrera begira ere badituzte beste batzuk. Asteburu honetan, zapatuan, bertako produktuen azokan bidezko merkataritzako txokolatea saltzen egongo dira eta domekan, Mundukideren lasterketa solidarioan parte hartuko dute.

Unai Pascualen hitzaldia hilaren 30ean

Urteurreneko ekintzak borobiltzeko, Ikerbasqueko ikerlari Unai Pascualek  gaur egungo krisi ekosozialaren inguruan hitz egingo du urriaren 30ean, Kulturateko areto nagusian, 18:30ean.  "Krisiaren diagnostikoa egingo du, batez ere, klima eta bioaniztasunarekin gordetzen dituen erlazioak aztertuz. Non gaude? Nondik dator krisia? Nora goaz? Galdera hauek erantzuteko orduan, kontutan izan beharko genituzkeen gakoen inguruan arituko da", azaldu dute Harreman Dendatik.

Unai Pascual Ingurumen Ekonomian doktorea da (Yorkeko Unibertsitatea, Erresuma Batua 2002). Gaur egun, Ikerbasque ikertzailea da Klima Aldaketari buruzko Euskal Zentroan (BC3), eta Bernako Unibertsitateko Garapen eta Ingurumen Saileko kidea da. Lehenago, irakasle titularra izan zen Cambridgeko Unibertsitatean 10 urtez, eta Manchesterreko Unibertsitatean eta Deustuko Unibertsitatean eman ditu eskolak. 25 urte baino gehiagoko esperientzia du ekonomiaren eta ingurumen-aldaketa globalen arteko erlazioari buruzko ikerketan. Klima-aldaketari eta biodibertsitatearen kontserbazioari lotutako ingurumen-politikari buruzko 200 artikulu zientifiko, liburu eta txosten tekniko baino gehiago argitaratu ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak