Gaba Baltzaren inguruan egitarau zabala antolatu dute askotariko eragileek

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 20a, 12:44

Ekin Emakumeak Elkarteak, Doke Antzerki Eskolak, Amaidolua elkarteak, TTAK gazte taldeak, Ibai-arte elkarteak, Txatxilipurdi Elkarteak, Arrasateko Udal Ludotekek zein Gaztetxokoek elkarlanean antolatu dute aurtengo egitaraua, urriaren 23an abiatuko dutena.

Egitarau zabala antolatu dute aurten ere Gaba Baltzaren testuinguruan, eta astelehenean hasiko dituzte lehen ekintzak. Batetik, urriaren 23tik azaroaren 1era, erakusleiho lehiaketa antolatu dute, Ibai-arteren eskutik. Honako denda hauetan jarri dute erakusleihoa: Altuna Lurrindegia, Arrasate Optika-Optometria, Bea Lentzeria, Beinke, Elkoro Osagarriak, Ennea, Intersport Loramendi (Garibai), JG Inpresio Digitala, Kapikua, Kids&Us, Kili-Kolo, Kolore, Milar Elkoro, Portaloi Optika, Resusta Karrikiri, Sustrai eta Toñi & Sandra.

Erakusleiho gustukoenaren aldeko botoa emateko, 688 73 41 49 telefonora idatzi beharko da. Erakusleiho onenaren saria 300 eurokoa izango da, Ibai-arten gastatzeko, betiere, eta bigarren saria, berriz, 200 eurokoa. Halaber, bozkatzen dutenen artean  100 euroko bonua zozkatuko dute.

Bestalde, urriaren 23tik 27ra, Arrasateko Udal Ludoteketan Gaba Baltzaren inguruko hainbat ekintza egingo dituzte (bazkideak diren haurrentzat). Modu horretan, sukaldaritza tailerraz, eskulan girotuez, ipuin kontaketez eta abarrez gozatzeko aukera egongo da.

Urriaren 28an eta 29an, halaber, 12 urtetik gorako nerabeentzako, ihes bidea eta beldur etxea egingo dituzte tren geltoki zaharreko gaztelekuan, Gaztetxokoen eskutik. "Sarrera mugatuak dira, eta hauek, gaur hasi eta domekara arte, tren geltoki zaharreko gaztelekuan lortu ahal izango dira".

Urriaren 31, egun berezia

Bestalde, antolatzaileek aurreratu dute urriaren 31 egun berezia izango dela. "18:00etan hasita, Arimen Biltzarra egingo dugu Arrasateko kaleak girotuz. Biteriko plazan hasi eta Monterronera ibilbide bat egingo dugu Ilargitxo eta bere lagun kukumarruekin. Hori horrela, herritarrak animatzen ditugu Kukumarroz edota baserritarrez jantzi eta kalera ateratzeko, guztion artean herria alaitu eta jai giroan gozatzeko", azaldu dute.

Ostean, Ekin Emakumeak Elkartearen eskutik, Bizitzaren Jaia egingo dute 21:00etan, Sonyaguar Fuegorekin, elkartearen lokalean (Pablo Uranga, 4). "16 urtetik aurrerako emakume* eta genero disidenteentzako espazioa izango da", azaldu dute. Izena emateko, lokalera bertara joan edota 651 70 79 36 telefonora deitu beharko da, gaurtik urriaren 30era arte. Kontutan hartu izen-emate mugatuak izango direla.

Eguna amaitzeko, Ttak gazte taldearen eskutik, herritar guztientzako DJak egongo dira gaztetxean, 22:30ean hasita: DJ Karapaixo, DJ Expuela eta DJ Pibikens. Sarrera doakoa izango da.

Parte hartzeko deia

Gaba Baltza batzordea osatzen duten eragile guztiek herritarrei dei egin diete egitarauan parte hartu eta ondo pasatzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak