AEDk urriaren 22an estreinatuko du 'Ni ta nitarrak' antzezlana

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urr. 19a, 13:02

Maria Oses arrasatearrak idatzi du, AEDren enkarguz, Ni ta nitarrak bakarrizketa eta Iholdi Beristain Portugaleteko aktore eta musikariak antzeztuko du taularen gainean; domekan, urriak 22, estreinatuko dute Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean (19:30). Sarrerak salgai daude Arrasate.eus atarian.

Ibilbide arrakastatsua egin dute Arrasateko AED euskara elkarteak sortu zituen Buah Txabal! eta Erdaldun berrien kluba bakarrizketek, bada, elkartearen 40.urteurreneko ospakizunen baitan argitaratuko dute hirugarrena, Ni ta nitarrak izenekoa. Domekan estreinatuko dute Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean, 19:30ean. Arrasate.eus atarian daude sarrerak, zazpi eurotan, eskuragarri.

Maria Osesek idatzitakoa

"Gustura" hartu zuen Iholdi Beristainek Ni ta nitarrak bakarrizketaren idazle Maria Osesen proposamena. "Bistaz ezagutzen genuen elkar bakarrik, eta sorpresa polita izan zen eskaintza jasotzea. Erronka polita iruditu zitzaidan eta gidoia bidali zidatenean asko gustatu zitzaidan; izan ere, kontakizuna oso hurbil sentitzen dut, eta, esango nuke, emakume gazte eta euskaldun askok moduan".

Maria Isabel izango da Beristain taularen gainean. "Dramak kontatzera nator, beti ere umoretik; izan ere umorea tresna oso potentea iruditzen zait nahi duguna esateko. Ez ditut gauza arraroak edo ez-ohikoak kontatuko egunerokotasuneko kontuak baizik. Umoretik eta mediokridadearen apologia garbia eginez. Hasierako gidoiari hainbat moldaketa egin dizkiogu taularen gainean ahalik eta erakargarriena izan guran Maria Osesek, Ikuska Lizarraldek eta hirurok, elkarlanean".

Iholdi Beristainek antzeztuko du Maria Osesek AEDrendako idatzi duen bakarrizketa

Guztiontzako gomendagarri

Ez da stand up formatuko elkarrizketa. "Antzerkitik du gehiago, dekoratu txiki bat prestatu dugu eta askotariko osagaiak erabiliko ditut kontakizunari laguntzeko, tartean, gitarra ere bai, baina ez da musikal bat. Dibertigarria da eta ondo pasatuta hausnartzera bultzatzen du. 15 urtetik gorako edozeinendako gomendatzen dugu; gazteek hurbilago sentituko dute kontakizuna, baina interesgarria iruditzen zait helduentzako ere, gure paperean sartzeko".

Herriz-herri zabaltzeko gogoz

Askotariko ikus-entzunezkoetan egin du lan Beristainek, ETBren Bagoaz musika saioan eta Goa!- zen telesailean, esaterako. Gaur egun antzerkian ari da, gehienbat. "Hainbat antzezlanekin nabil aldi berean eta berria estreinatuko dugu laster. Horrez gainera, bakarrizketa musikatuak egiten ditut ahizparekin eta Nor da Maurizia lanean ere jarduten dut. Eta orain, gogotsu nago Ni ta nitarrak ikuskizuna Euskal Herriko askotariko txokoetara eramateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak