'Nahinoranahi' jardunaldiak Arrasateko Emakume Txokoaren 20. urteurrena ospatzeko

Txomin Madina Milikua 2023ko urr. 11a, 11:28

Urriaren 27an eta 28an Kulturaten eta Seber Altube plazan jarriko duten karpan egingo dituzten jardunaldietan feminismoarekin lotutako askotariko gaiak landuko dituzte eta festa giroak ere izango du bere tokia.

Urriaren 27an eta 28an egingo dituzten Nahinoranahi izeneko jardunaldi feministekin ospatuko du bere 20. urteurrena Arrasateko Emakume Txokoak. Hausnarketa eta festa giroa uztartu gura ditu prestatutako egitarauak, baita iragana, oraina eta geroa ere. "Alde batetik, orain hogei urteko ibilbide hori gogoratu nahi dugu,  zergatik eta zela sortu zen Emakume Txokoa, izan zituen aldekotasunekin zein zailtasunekin. Beste alde batetik, hausnartzeko eta formatzeko aukera ere eman nahi dugu geure arteko elkarrizketak sortzea askotariko gaien inguruan. Eta ospatu ere gura dugu, badugula zer ospatu, zertaz harro egon eta zeri begiratu, gure asmoa beste 20 urte betetzea ere badelako", azaldu Emakume Txokoaren arduradun tekniko Maite Barreñak jardunaldien aurkezpenean.

Kulturaten eta Seber Altube plazan jarriko den karpan burutuko dituzte jardunaldiak. Urriaren 27an Emakume Txokoak eurak izango dira hizpide egingo dituzten mahai-inguru eta tailerretan. 19:00etan, bestalde, ekitaldi feminista ere egingo dute, Ermukoarekin batera Euskal Herrian aitzindari izan zen Arrasateko Emakume Txokoaren ibilbidean ekarpena egin eta konpromisoa agertu dutenak  omentzeko.

Urriaren 28ari dagokionez, justizia feminista izango da jardunaldietako gai nagusia. Bazkari feminista ere egingo dute zapatuan, eta gauean Nahihnoranahi kontzertua egongo da Arrasateko gaztetxean. Jardunaldietan parte hartzeko,  bihartik eman daiteke izena Arrasateko Udalaren webgunean.

Erakusketa, urriaren 23tik

Jardunaldi feministez gain, urriaren 23tik azaroaren 4ra bitartean Emakume Txokoaren historia jasotzen duen Emakume Txokoak 20 urte! erakusketa egongo da ikusgai Kulturateko klaustroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak