Talde jeltzalean kezka eragin duen gaietako bat EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek osatutako Udal Gobernuak herritar guztientzako zergak eta tasak % 4 eta % 5 artean igotzea erabaki izana da, "justifikazio argirik gabe" egin dela uste dutelako.
Batzorde informatiboen funtzionamenduarekin ere ez datoz bat. Adierazi dute hiru hilabeteotan ez dela Hezkuntza, Belaunaldiartekotasun eta Kirol batzorderik deitu, eta Euskara Batzordearen kasuan, "bilera bakarra bertan behera geratu zela deialdiaren erdian, batzordeko presidentea ez zegoelako bertan".
Era berean, Udal Gobernua "soilik aurreko agintalditik abian zeuden proiektuak amaitzera" mugatu dela aipatu dute, errugbi-zelaiko belar artifizialaren azalera berritzea eta Musakolako kiroldegiko aldageletako lurzorua eguneratzea jarriz adibide gisa. Faltan sumatzen dituzte ekimen edo proiektu berriak, eta horri lotuta, datozen lau urteotako plan estrategikoa definitzea.
Lankidetza sustatze aldera, hezkuntza kontseiluan, esaterako, EAJko ordezkarien hitza kontuan hartzea eskatu dute, mahai horretan udaleko alderdi politiko guztiak ordezkatuak izan direlako aurreko agintaldietan ere.