Kooltur Ostegunak ziklo berria abiatzear dute

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko urr. 4a, 14:07

Bengo, The Movement, Munlet eta Grade 2 taldeak gonbidatu ditu, hurrenez hurren, Kooltur Ekintza taldeak urriko eguenetarako Arrasateko gaztetxera; kontzertu guztiak, orain arte moduan, 22:00etan izango dira, eta sarrerak, zazpi euroren truke. Bihar abiatuko dute hamalaugarren aldia eta Arrasate Irratiko Igo autobusera! saiora gonbidatu dituzte antolatzaile taldeko kide Nerea Ruiz de Azua eta Su festak liburuaren idazle Jon Urzelai.

Ohi moduan Maritxu Kajoi egunaren bezperan ekingo diete Arrasateko gaztetxean eguenetan egiten duten musika eskaintzari; hori horrela, urriaren 5ean izango da hamalaugarren denboraldiko lehen kontzertua. Sarrerak zazpi eurotan izango dira eskuragarri kontzertuen egunetan; 21:30ean zabaltzen dute leihatila.

Ohi moduan 22:00etan puntuan hasita izango dira kontzertuak

Bengo taldea, hasteko

Orain arte moduan, musika izango da ekimenaren ardatz nagusia, baina bestelako kultura diziplinei ere tokia egiteko asmoarekin. Horren erakusle da liburu baten aurkezpenarekin ekingo dutela ziklo berria, uda aurretik argitaratu zuen Su festak liburuaren egile Jon Urzelai musika kazetaria gonbidatuta. "Musika jaialdien errepaso zabala egiten du Urzelaik bere saiakera-liburuan, Euskal Herrian ere baditugun askotariko jaialdien bilakaera eta ezaugarriak batuta. Kontzertuei dagokienez, orokorrean, orain arteko ezaugarri berak izango dituzte, hau da, talde bakarra izango da agertokiaren gainean eta 22:00etan puntuan hasiko dira kontzertuak", azaldu du Kooltur Ekintza taldeko kide Iker Barandiaranek.

Iker Barandiaran: "Musika jaialdien errepaso zabala egiten du Urzelaik"

Iazko denboraldian Arrasateko gaztetxean kontzertua eskaintzekoa zen, baina azken orduko arazo bat tarteko bertan behera geratu zen Bengo taldea izango da urriko egitarauko lehenengo gonbidatua. "Oiartzungo musikari gazte bat da Bengo, dagoeneko ezaguna egin dena eta izen bereko taldearen bultzatzailea. Euskaraz abesten dute eta pop estiloa dute oinarri, bestelako gaur egungo musika estiloekin, esaterako, musika urbanoarekin nahastuta. Martxoko egitarauan programatu genuen, baina arrazoi pertsonalengatik hainbat kontzertu bertan behera utzi zituen; gurea, horien artean".

Danimarkakoak, bigarrenean

The Movement taldeak hartuko du lekukoa. "Koordenadaz guztiz aldatuta, Danimarkako talde beteranoa izango dugu protagonista urriaren 12an. Hirukote formatuan datoz. Mod-rock etiketapean kokatzen dira, baina The Jam taldearen izpiritua oso presente dute, eta, tarteka, The Clash taldea ere oso gertuko dute. Euren zuzeneko emanaldiak oso indartsuak direla badakigu, kritika oso onak jaso ditugu danimarkarren kontzertuei buruz; hortaz, rockzaleendako, bereziki, emanaldi oso interesgarria izango delakoan gaude".

Iker Barandiaran: "Zuzeneko oso indartsuak ditu The Movement taldeak"

Munlet bikotea, urriaren 19an

Mendaron sortutako bikote artistiko "bitxia" izango da hirugarren gonbidatua. "Askorik jotzen ez duten arren, ibilbide luzea dute, eta orain dela gutxi berpiztu dira. Rockari sintetizadorea batzen eta esperimentatzen, elektronika oso minimalista eta ganberroa egiten Euskal Herrian aitzindariak izan ziren. Devo talde bitxia izango dute gogoan Arrasaten".

Ingalaterratik, Grade 2

Punk-oi! eszenari freskotasuna eman dion Ingalaterrako Grade 2 talde gazteak borobilduko du urriko Kooltur Ostegunak egitaraua. "Punk-oi! eszenari freskotasuna ekarri dio hirukote ingelesak. AEBetako Interrupters taldea etortzen zait gogora, Grade 2 taldea apur bat punkagoa bada ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak