"Hitza da baldintza, aioiai, harreman batean; ez duzu lekurik nire bidean" oihukatzen dute Neomak taldekoek Aioiai kantuan. Izen bereko bideoklipa ere kaleratu dute. Kantua entzun eta bideoklipa ikusi ostean, garbi geratzen da fusioaren aldeko hautua egin dutela oraingoan. Trikiti eta pandero doinuak soinu urbanoekin nahastu dituzte. "Musika tradizionala da gure oinarria, baina ahalegintzen gara beste doinu mota batzuekin nahasten. Oraingo honetan agerikoagoa da fusio hori. Bai doinuan eta baita bideoklipean ere", esan du taldeko kide Leire Etxezarreta arrasatearrak.
Bideoklipa Muskizen eta Erandion grabatu zuten Ane Berriotxoaren aginduetara. Neomatarrek dantza egiten dute bideoklipean. Dantza urbanoa hori ere. "Egia esan, dantza egitearena berria zen guretzat. Paula Bravok egindako koreografia erabili dugu. Harekin ikasi ditugu pausoak", kontatu du.
Eta emaitza biribila izan da. "Gu oso pozik gaude, eta feedback oso ona jasotzen dihardugu. Egia esan, kalitatezko kantua eta bideoklipa egin ditugula uste dugu".
Letra zainduak
Kantuen letrak dira Neomak taldearen ikurretako bat da. Beti letra zainduak. Errepresioari, emakumeen iraultzari, arbasoei... abestu diete. Oraingo honetan harreman batean komunikazioak duen garrantzian ipini dute fokua. "Oro har, harreman baten zaintzari buruz egiten dugu berba. Askotariko harremanak eta etiketarik gabekoak aldarrikatzen ditugu, behin eta berriz, baina, horietan guztietan, komunikazio ona ezinbestekoa da", azpimarratu du Etxezarretak.
Asiara
Kantu berriak izan duen harrera beroarekin, Hego Koreara eta Japoniara joango dira hurrengo astean, Sua taldekoekin batera. Beste urrats bat orain arteko ibilbidean. Guztira, bost emanaldi egingo dituzte han. Lehena, urriaren 5ean Seulen. "Oraindik sinistu ezinik gaude. Disfrutatzeko eta ikasteko bidaia izango da. Beste kultura batzuk ezagutzeko aprobetxatuko dugu".
Martxora arte geldi
Asiatik bueltan helduko zaie atseden hartzeko unea. Ura bere bidean kontzertuan parte hartu ostean, martxora arte kontzertuak etengo dituzte, sorkuntzari lehentasuna emateko. "Orain arte, naturalki sortu eta etorri den guztiari baietz esan diogu. Ez dugu tarterik hartu denborak markatzeko, eta kantu berriak sortzeko tartea hartuko dugu, indartsuago itzultzeko".