Ikasturte amaieran egin ohi du antolakundeak Nazio Konferentzia, baina uztailaren 23ko Espainiako Gorteetako hauteskundeak zirela-eta, atzeratu egin zuten. Alabaina, ehunka lagun elkartu ziren zapatuan ere Arrasaten. Iragan den lan urtearen balantzea egin zuten bertaratuek, eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak adierazi zuen "emankorra" izan dela. Haren hitzetan, euskal preso politikoen eta senideen eskubideak "urratu" dituen urrunketa eta sakabanaketa politikoarekin amaitzea erdietsi da, eta baita "Espainiako bloke erreakzionarioa gelditzea" ere, gaineratu zuen arren ez dela aski eta "ezkerreko politikak" egin behar direla. Azkenik, azken hauteskunde zikloetako emaitzak izan zituen aipagai: "Ezker subiranistok inoizko emaitzarik onenak eskuratu ditugu Ipar eta Hego Euskal Herrian eta, modu horretan, herri honetako indar nagusi bilakatzeko aukera esku eskura dugu".
Hori gogoan izanda, lau erronka nagusi nabarmendu zituen. Batetik, "utopiaren bandera altxatzera" dei egin zuen: "Zibilizazio berri bat behar dugu, bizitza eta haren zaintza erdian jarriko dituena, sinpleki, egun indarrean den sistema ekonomiko eta soziala, kapitalismo patriarkala, bizitza beraren iraunkortasuna kolokan jartzen ari delako".
Gainontzeko erronkak
Beste hiru erronkei dagokienez, burujabetzaren bidean aurrera egitea aipatu zuen bigarrentzat, Espainiako Gobernua ere aipatuta. "Balizko gobernu aurrerakoi batek erronka, ardura eta aukera historikoa ditu arazo espainiarrari soluzio demokratiko bat emateko. Eta, bai, ongi diot: arazo espainiarra. Arazoa ez da Euskal Herria; arazoa ez da Katalunia; arazoa da bere aniztasun nazionala errekonozitzeko eta demokratikoki kudeatzeko gai ez den estatu bat".
Rodriguezek hirugarren erronkatzat du EH Bildu eta EH Bai "are gehiago indartzea", eta, laugarrentzat, berriz, "nazio bulkada berria" sustatzea, indar sozialaren "ezinbestekotasuna" azpimarratzearekin batera. "Sortuko kideok EH Bildu eta EH Bai bezainbeste indartu eta sustatuko ditugu langile mugimendua, gazte mugimendua, euskalgintza, mugimendu feminista, ekologista, hezkuntza mugimendua edota pentsiodunen borroka".