UDA GIROAN

Lantoki eta, aldi berean, aisialdirako gune mina

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko ira. 22a, 13:55

Aste "intentsua" izango du Iban del Campok: Kimuak ekimenarekin, Sorbeltza film laburra aurkeztuko du bihar, zapatua, eta, datorren astean, Ibaia elkartearen Lau haizetara ekimenarekin Calle de los Angeles film dokumental luzea garatuko du. Arrasate Irratiko Uda Giroan saioan izan da asteon.

Derrigorrezko hitzordua da, urtero, Donostiako Zinemaldia Arrasateko zinegile Iban Del Camporendako. "Luxua da. Aurten ez dut gura beste film ikusteko aukerarik izango, baina dagoeneko baditut lau sarrera. Ikaragarri miresten dudan Aki Kaurismaki Finlandiako zuzendariaren Fallen Leaves ikusiko dut gaur arratsaldean, Perlak sailean, eta sekulako gogoa dut animaziozko El sueño de la sultana ikusteko ere. Lehenengo aldia da Sail Ofizialean genero horretako film bat dagoela eta etxekoa da, gainera. Ezagutzen dut Isabel Herguera zuzendaria; kolaborazio batzuk egin ditugu elkarrekin, eta istorioa ere gustuko dut. Ikusiko ditudan beste bi filmak japoniarrak dira eta horrek badu bere azalpena; izan ere, lantzen ari garen proiektuko protagonista japoniarra da eta, uste dut, film horiek ikusteak lagunduko didala pertsonaia hobeto landu ahal izateko pista interesgarri batzuk jasotzeko".

Belaontzian grabatutakoa

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez, eta Euskadiko Filmategia Fundazioak lagunduta, osatzen dute, urtero, euskal film laburrak batzen dituen Kimuak katalogoa, mundu mailako zabalkundea egiteko asmoz. Urte ezberdinetako bildumetan daude Arrasateko zinegileak egindako lanak; bihar, zapatua, aurkeztuko duten horretan, esaterako, Sorbeltza izenekoa du. "Jaialdi askotara heltzeko ikaragarrizko laguntza da katalogo horretan sartzea; zine jaialdi askotarako ateak zabaltzen ditu. Biharko aurkezpenerako gogotsu gaude; oso polita izango da lantalde guztiak batera filma pantaila handian ikustea. Belaontzi baten grabatu genuen, eta Erika Olaizola, Joseba Apaolaza eta Miren Gaztañaga dira protagonista nagusiak. Emanaldi itxia da biharkoa, baina aurrerago, Arrasateko Udalak lagundu digunez, Arrasaten eskaintzeko asmoa dugu".

Kimuak-en bilduma berriaren baitan aurkeztuko du Iban del Campok 'Sorbeltza' lana

'Lau haizetara' ekimena

Zinema aretoez harago, Donostiako Zinemaldiaren erpinak, beste gune batzuetara ere hedatzen dira. "Kursaaleko sotoa, esaterako, nazioarteko zinemagintza-industriaren topagune da egunotan, bertan biltzen dira herrialde askotatik etorritako ordezkariak. Proiektu eta ekimen asko bideratzen eta egiten dira bertan, horien artean, aurten estreinakoz nire Limbus ekoiztetxeak parte hartuko duen Lau haizetara izeneko ekimena. Ibaiak –Euskal zinema ekoizleen elkarteak– bultzatutakoa da eta film dokumental luzeak sortzen laguntzea du helburu. Ibilbide luzea du ekimenak; urtero deialdi bat egiten dute garapenean dauden proiektuak aurkezteko eta aukeratutakoek Zinemaldian finantziazio iturriak aurkitzeko eta proiektuak behar dituen beste arlo batzuk lantzeko aukera izaten dute. Limbus ekoiztetxearen Calle de los Angeles dokumentalaren proiektua lantzeko aukera izango dugu hiru egunetan. Bilerak eta bestelako saioak egingo ditugu eta azkeneko egunean, bost minututako aurkezpena. Silvia Reyk zuzenduko du film-dokumentala eta ekoizlearen rolean izango naiz ni. Aukera ederra da gure proiektu berria saltzeko, nazioarteko telebista, plataforma eta zine industriako ordezkari asko etorriko direlako".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak