Alderdiko ordezkariek ekitaldien berri emateko egindako agerraldian azaldu dutenez, irailaren 27a egun berezia da nazio askapen mugimendua osatzen duen komunitatearentzat, 1975eko egun horretan fusilatu zituztelako Txiki eta Otaegi, eta horren harira izango dira Arrasateko ekitaldiak. "Egun berezia da gure balioak eta gure proiektu estrategikoa berresteko, baita Euskal Herriarekin, nazio eraikuntzarekin, independentziarekin, sozialismoarekin,erabakitzeko eskubidearekin eta justizia sozialarekin dugun konpromisoa berresteko ere", azaldu du Sorturen Nafarroako arduradun politiko Lur Albizuk.
Erronkak
Maiatzaren 28ko eta uztailaren 23ko hauteskundeen ondoren Hego Euskal Herrian ziklo berri bat abiatzeko aukera parez pare irekita dagoela diote Sortuko ordezkariek; Ipar Euskal herrian, aldiz, abertzaletasunak hartu duen indarrak eta zentralitateak euskal lurraldearen zein eskubide sozialen aitortzan agertoki berriak eskuratzeko aukerak zabaldu dituela.
Hala, azaldu dute lan urte berriari zein datozen urteei Euskal Herrian independentziarako indarra biltzen segitzeko anbizioarekin begiratzen diela Sortuk. "Erronka handiak ditu gure herriak. Horiei aurre egiteko errezetak betikoa izaten segitzen du: nazio bulkada sendo bat bultzatzea, herri aktibazioa, indar metaketa eta estrategia argia. Ziklo berriak ez direlako berez etortzen, eragin egin behar dira", esan du Kizkitza Gil de San Vicentek, Sorturen Ekintza Politikoaren arduradunak.
Erronka horiei aurten nola aurre egin eztabaidatu eta plan politikoa erabakitzeko, Sortuko kideak Uarkapeko frontoian bilduko dira irailaren 23ko goizean.
Arratsaldean Monterronen izango den ekitaldia, aldiz, 17.30ean hasiko da, eta bertan parte hartzeko deia egiten diete ezkerrekoa eta abertzalea den komunitateari.
Kartela, Aurrekoetxea eta Ruizek
Gaua eta ilargia erreferentzia hartuta Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz artistek egin dute irailaren 23ko ekitaldietarako kartela, Sortuko ordezkarien esanetan, "galdetzeko, deseroso sentitzeko eta hortik hausnarketa berrietarako inspirazio iturri izatea" espero dutena.