40 bat lagun elkartu dira gaur eguerdian Arrasateko herriko plazan. Betiko pankartaren atzean egin dute agerraldia eta hainbat lagunek hartu dute hitza ikasturteko lehen elkarretaratzerako. "Duela 69 hilabetetik hona Euskal Herriko 80 herri eta hiritan astero egiten ditugun mobilizazioei ekingo diogu berriro", azaldu dute.
Aldarrikapenek bere horretan jarraitzen dutela azaldu dute. Horien artean dira 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, erosmen-ahalmena berrezartzea, genero arrakalarekin amaitzea eta erretiro-adina atzeratzeko azken erreforma indargabetzea. "Hauteskunde orokorrak egin dira eta oso litekeena da PSOE gobernua berriro argitaratzea, gehiengo parlamentario aurrerakoia deritzon talde parlamentarioen babesarekin. Hauteskundeak baino lehen, alderdiengana jo genuen haien hauteskunde-programetan oinarrizko aldarrikapenak sar zitzaten. Hauteskundeen ondoren berriro egingo dugu, gure proposamenak gobernu-programan jaso daitezen", esan du bozgorailutik Arrasateko Pentsionistak mugimenduko kide Rufina Olasagastik.
Asteroko hitzordua
Pentsionistek ziurtatu dute asteroko mobilizazioetarako bueltatzen direla. Urtarrilean bete ziren bost urte, astero, kalera ateratzen hasi zirela. "Badakigu mobilizazioak jarraitzen duela izaten gure helburuak lortzeko bermea eta horrela egingo dugu. Berdin dio nork gobernatu, guk pentsioak defendatu!", esan du Juanito Saizarrek.
Gaur Arrasaten egindako elkarretaratzean bereziki gogoan izan dute Rafael Romero. Berriki hil da astero-astero mobilizazioetan parte hartzen zuen arrasatearra eta doluminak helarazi dizkiote haren alargunari, senitartekoei eta lagunei.