Uztailean ere aisialdi euskalduna eskaintzea du helburu Freskurak eta, besteak beste, familiei zuzendutako tailerrak egin ohi dituzte. Naturguneak aukeratzen dituzte horretarako eta, aurtengo kasuan, Santa Barbaran aritu dira. Atzo egin zuten azken saioa, zirku trebakuntza, hain zuzen, eta malabarak egiteaz gain, diaboloarekin ere aritu ziren haur zein guraso, baita slackline-an ere.
Oro har, antolatutako lau tailerrek erantzun ona izan dutela azaldu dute Txatxilipurdiko kideek, nahiz eta eguraldiak baldintzatu. Tailerrez gain, baina, Musakolako igerilekuan dago Freskuraren oinarria. Izan ere, euskarazko irakurgaiak, mahai-jolasak eta jolaserako elementuak maileguan hartzeko aukera izaten dute erabiltzaileek arratsaldero, asmo horrekin sortu baitzuten egitasmoa. Gaur izango da horretarako azken eguna.