Adinekoen bizi-kalitatea eta zaintza hobetzeko helburuarekin, eta modu seguruan sukaldatzeko, indukzio plaka adimentsua aurkeztu dute Arrasateko Danobat elkartean. Bereziki bi kolektiborentzat dago zuzendua; 60 urtetik gorakoentzat, eta ikusmen murriztuko pertsonentzat. Adinberri Fundazioak finantzatutako proiektua da, eta beste eragile batzuek ere parte hartu dute, hala nola, Acederen Euskadiko Etxeko Klusterrak eta Suego Senior proiektuak.
Begisare Retina Gipuzkoa elkarteko kide den Itsaso Nuinek ireki du ekitaldia, ikusmen murriztasunari buruzko hitzaldi bat eskainiz. Adierazi du 56 urte zituela hasi zela arazoak izaten, eta egoera berri honetara egokitzen ari dela.
Guztira hamazazpi indukzio plaka adimentsu daude instalatuta, eta horietako bat du Nuinek. Proposamen berri honek sekulako onurak ekarri dizkiola aitortu du: "Indukzio plaka adimentsuak digitalak dira guztiz, eta botoiak ez dira apenas ikusten, eta orduan niretzako hau maneiatzea oso zaila da. Orduan hau eskaini zidatenean, niretzako sekulako laguntza handia izan zen. Orain Alexaren bitartez sukaldatzen dut", azaldu du.
Hitzaldiaren ondoren, han batutakoek indukzio plaka adimenduna probatzen aritu dira, eta helburua da proba pilotu moduan, adin nagusiko hogei etxeetan jartzea. Alexa edota mugikorreko aplikazio baten bitartez, indukzio plakan tenperatura eta denbora zehaztuko dute erabiltzaileek.
Segurtasun botoia
Aurrera begira, ezustekoen aurkako botoi bat garatu nahi da, despisteak saihesteko. Gaur gaurkoz, ez da prestakuntza hori eskainiko, baina aurrera begira zerbitzu hau instalatzeko aukera egongo dela azaldu dute Euskadiko Etxeko klusterretik.