Maialen Urzelaik, Gipuzkoako hautagai oñatiarrak hartu zuen lehenik hitza eta azaldu zuen, azken urteotan Espainiako kongresuan eta senatuan EH Bilduk egindako lanari esker hobetu egin direla euskal herritarren bizitzak. Halere, "gehiago nahi eta behar" dutela nabarmendu zuen, EH Bilduk urrunago heldu gura duela."Erabakigarri izaten jarraitu gura dugu eta gehiago izan behar gara horretarako. Fidagarriak garelako, emandako hitza betetzen dugulako, gaitasuna dugulako, erantzunak ditugulako eta batez ere soluzioak ditugulako. Eta gehiago egingo dugu, uztailaren 23tik aurrera gehiago izango garelako. EH Bildurekin orduan eta eskubide gehiago eta orduan eta ongizate gehiago", azaldu zuen Urzelaik.
Gipuzkoako batzarkide eta EH Bilduko ordezkari Maddalen Iriartek, bestalde, maiatzaren 28ko Udal eta Foru hauteskundeetan alderdiak lortutako emaitzak goraipatu zituen eta datozen uztailaren 23ko hauteskundeetara begira Gipuzkoan emaitza onak lortzeak duen garrantzia nabarmendu zuen. "Berriz ere sekulako erronka daukagu Gipuzkoan. Berriz ere Gipuzkoan emaitza on-onak lortu behar ditugu Maialen Urzelai ere Madrilen egon dadin". Izan ere, Iriartek nabarmendu zuen, EH Bildu erabakigarria izango dela Madrilen.