Beasainen hasi eta bukatzen den ultra trail modalitateko lasterketa honetan korrikalariek 168 kilometro egin behar dituzte eta 11.000 metroko desnibel positiboa gainditu. Gomezek aspaldi zuen begiz jota lasterketa hau eta iaz izena eman ostean aurten gauzatu du asmoa. Eta nola gauzatu, gainera.
Hogeita sei ordu eta sei minutu pasatxo behar izan zituen Gomezek 168 kilometroak egiteko. Lehen aldiz parte hartuta ere, burua hotz mantentzen saiatu zen bereziki Tolosan esan ziotenean onenen artean zihoala. Ia lasterketa erdia egin zuen hirugarren postuan, bakarrik, eta halako astindu fisikoki eta psikologiko baten ostean pozarren sartu zen Beasaingo helmugan, betiere etxekoak gogoan.
Hurrengo lasterketak
Entrenamenduei dagokienez, bereziki eskertuta dago Aike enpresari eta bere prestaketaz arduratu den Beñat Agirreurretari. Orain ondo merezitako deskantsua hartuko du oporretan eta irailean, besteak beste, etxe ondoan duen Ikazkin Trail egiteko asmoa badauka. Ondoren, beste bi proba ere egingo ditu: Gorbeia Suzien mendi maratoi erdia eta 101 kilometro eta 10.000 metro inguruko desnibel positiboa duen Hiru Handiak proba. Orain, baina, Ehun Miletako balentria barneratzea eta familian oporrez gozatzea izango dira lehentasun nagusiak. Zorionak!