Bosgarren Arrasate Blues jaialdia abiatuko dute eguenean.
Ezagutzen duzue, aurretik egondakoak zaretelako. Gogotsu jaialdian parte hartzeko?
Oso gogotsu nago; asko gustatzen zait jaialdi hori, giro ederra sortzen delako bai plazan eta baita eszenatoki guztietan ere; eta oso pozik nago jaialdia hazten eta handitzen ikusteaz. Beti izan du primerako antolakuntza, eta horrek dena ondo joaten laguntzen du, eta bai musikariak eta baita ikus-entzuleak ere gustura sentitzea lortzen du.
Zer itxura hartzen diozu aurtengo egitarauari?
Primerakoa, talde ugari ezagutzen ditut. Jaialdiak beti egiten du bertako taldeen aldeko apus- tua, eta hori eskertzekoa da; jaialdietan jotzeko aukera izatea guretzako oso garrantzitsua da.
Polonia saria jaso zenuten, Europako Blues Challenge lehiaketako sari nagusia. Pozik al zaudete? Nolako esperientzia izan zen?
Eurovision modukoa dela esaten dute; Europa mailako blues lehiaketa da. Hirugarrenez aur-keztu gara Estatua ordezkatzen, eta poz-pozik gaude. Sorpresa itzela izan zen; ume txiki bat bezala igo nintzen oholtzara, eskolako lehenengo eguna izango balitz bezala.
Saria erakusleiho ederra izan da?
Sariari esker, Europa mailako blues eszena horretan kokatzea lortu dugu. Zaila da norberaren taldea ezagutzera eramatea, eta hori erakusleiho aparta izan da; orain, Europan kontzertuak egingo ditugu. Irailean, adibidez, Norvegiara goaz, eta, ostean, Txekiar Errepublikara eta baita Suitzara ere.
Arrasateko kontzertua 19:00etan izango da, baina aurretik omenaldia jasoko duzue, eta baita urrezko pin-a ere. Pozik hartuko duzue?
Oso pozik; hori ere sorpresa poli- ta izan da. Azken urte erdia zoragarria izan da, oso aukera politak izaten ari gara. Diskoa grabatu dugu; irailetik aurrera erakutsiko dugu, baina, agian, ostegunean sorpresaren bat izango da.
Prest al duzue kontzertua?
Ordena pentsatu gabe dago; bizpahiru aukera ditut buruan, eta berehala aukeratuko dugu ordena. Sorpresa pare bat ere egongo dira; inoiz jo ez ditugun bi abesti-edo joko ditugu, eta, noski, guztiak daude kontzertura gonbidatuta. Ea dantzatzera, kantatzera eta txalo egitera animatzen diren ikusleak; iaz giro ederra sortu zen, eta aurten ere horixe bera espero dugu.