Amaia antzokiko itoginek ekainaren 21ean egin behar zuten batzar orokorra lekuz aldatzera behartu ostean, atzo informazio saio bat egin zuen Leintz Bailarako Ekiolak Amaia antzokian. Bereziki bazkide-kontsumitzaile ez direnei zuzendutako saioa izan zen, batzar orokorrean onartutakoen berri emateaz gain, zalantzak argitzera bideratuta. Dagoeneko Ekiolako parte ez direnen artean ez zen herritar asko agertu, eta bertaratu zirenak ekimenaz informatzera etorri ziren.
Eratu berri den errektore kontseiluak atzoko saioan azpimarratu zuenez, Leintz Bailarako Ekiolak bermatuta dauka, besteak beste dirulaguntzei esker, bideragarritasun ekonomikoa eta horregatik nahi dute ahalik eta bazkide gehien erakarri, proiektuak ahalik eta onuradun gehien izan ditzan. Gaur egun 220 bazkidetik gora dituzte.
Dena ondo bidean, azaroan martxan
Panel fotovoltaikoen parke berria Polo Garaiaren eta Santa Ana hotelaren arteko lursail batan ari dira jartzen. Dena ondo bidean, uztailean, parke fotovoltaikoaren egitura osoa instalatuko da; abuztuan, eguzki-plakak jarriko dira, eta irailean konexioa eskatuko da, instalazioak azaroan bere bazkideentzat energia sortu dezan.