Goi mailako blues doinuek jantziko dute Arrasate uztailaren 13tik 16ra

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko uzt. 4a, 17:18

Gaur aurkeztu dute Ibai-arte merkatarien elkarteak Arrasateko Udalaren laguntzarekin antolatzen duen Arrasate Blues jaialdia, Herriko Plazan. Hain zuzen ere, plazan bertan abiatuko dute aurtengo jaialdia, Noa & The Hell Drinkers taldearekin, uztailaren 13an, 19:00etan.

Urtez urte geroz eta indar handiagoa hartzen ari den jaialdia da Arrasate Blues eta bosgarren edizioan ere goi mailako taldeak ariko dira herriko kale eta oholtzetan, besteak beste Noa & The Hell Drinkers. Gaur aurkezpen ekitaldian izan dira eta Noa Egiguren abeslariak nabarmendu du "plazer hutsa" dela Arrasaten jo ahal izatea. "Hasieratik miretsi izan dugu jaialdi hau eta gogotsu gaude kontzertu egunerako. Plazer handia izango da Herriko Plazako oholtzan aritzea", dio.

Noa & The Hell Drinkerseko ordezkariak, Maider Morras alkatea eta Jon Apraiz Ibai-arteko kidea.

Arrasate Blues jaialdiaren baitako kontzertuak:

    • Uztailak 13, 19:00etan: Noa & the Hell Drinkers, Herriko Plazan.
    • Uztailak 14, 19:00etan: The Fake Cousins, Euskal Herria plazan (1990 Gastroteka).
    • Uztailak 14:20:30ean: Bluedays, Taupa tabernako terrazan.
    • Uztailak 14: 22:30ean: Afrika Bibang, Irati tabernako terrazan.
    • Uztailak 14, 00:00etan: Jam session • Erromintxelak, Aterpe tabernan.
    • Uztailak 15, 13:00etan: M & A Swing Machine, Ezkiña tabernan, Arbolapetan.
    • Uztailak 15, 19:00etan: SlideBoy Vegas, Monte tabernako terrazan.
    • Uztailak 15, 20:30ean: The soul for Real band, Herriko Plazan.
    • Uztailak 15, 22:30ean: Trudy Lynn + Feat Steve Krase & Travellin’ Brothers, Herriko Plazan.
    • Uztailak 15, 00:00etan: Jam session • The Fake Cousins, Aterpe tabernan.
    • Uztailak 16, 13:00etan, Monica Duran, Ezkiña tabernan, Arbolapetan.
    • Uztailak 16, 19:00etan, The Spolem Girls, Buenuena tabernan, Jokin Zaitegi plazan.

Mapa bat egin dute

Berritasun gisa, jaialdiko zortzi agertokiak Ibai-arteko tabernei lotuta egongo dira eta horietako batzuk lankidetzan ariko dira elkartearekin. "Helburua da musikak udalerriko giroa dinamizatzen laguntzea eta kultura izatea Arrasateko kaleetako bizitzaren ardatza", azaldu du Jon Apraizek, jaialdiaren antolatzaile nagusiak.

Jaialdia geroz eta indartsuagoa izan arren, musikari arrasatearrak bertan izateari ere garrantzia ematen diote antolatzaileek. "Erromintxelak taldean, The Spolem Girls taldean edota Bluedays taldean ditugu arrasatearrak eta Monica Duran bera ere arrasatearra da", dio Apraizek. Horrez gain, euskaraz abesten duen norbait egon behar izaten da beti jaialdian eta aurten Afrika Bibangek beteko du zeregin hori. Halaber, emakumezko musikariak oholtzan egoteari ere inportantzia ematen dietela adierazi du Apraizek.

Urrezko pina, lehen taldearentzat

Orain arte etxeko musikariak omendu dituzte jaialdiari hasiera eman aurretik eta aurten jaialdian bertan ariko den musika talde bat egingo diote aitortza, Noa & The Hell Drinkers taldeari, hain zuzen. Hala, Oscar Vitoriak eginiko urrezko pinak emango dizkiete taldeko ordezkariei, uztailaren 13an. Egigurenek ezustean hartu du albistea eta Ibai-arteri eskerrak eman dizkio, hunkituta. "Sorpresa polita izan da. Dotore jantzita etorriko gara aitortza hori jasotzera", esan du.

Alkateak, esker berbak

Maider Morras alkatea ere aurkezpenean izan da eta aldez aurretik eskerrak eman dizkie jaialdian parte hartuko duten musikari guztiei, baita Ibai-arteri ere. "Oso pozik gaude berriro ere bluesa herrira ekarriko dugulako. Dagoeneko ohitura bihurtu da Arrasate Blues eta espero dugu urtero bezain arrakastatsua izatea aurtengoa ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak