Jaietako parte-hartzea nabarmentzearekin batera, kaleko zikintasuna deitoratu du EAJk

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko eka. 29a, 15:22

Hainbat herritar, Mikel Erentxunen kontzertuan, astelehenean.

Arrasateko EAJ-PNVren iritziz, parte-hartze handia izan duten sanjuanak izan dira aurtengoak. Halere, kezka azaldu du festetan izandako "zikinkeriagatik". Era berean, EH Bilduk Salbean parte hartu ez izana ere gaitzetsi dute jeltzaleek.

"Egitarau oparoaz gozatu ahal izan dugu eta ekimen zein ekintza guztiek harrera ezin hobea jaso dute arrasatearrengandik, hala nola, Chambao, Mikel Erentxun edota txosnetako kontzertuek, haurren eguneko ekintzek, zezen ikuskizunek eta abar", adierazi dute jeltzaleek. Horren harira, beraz, eskerrak eman dizkie herriko kultur eragile zein udaletxeko langileei, "sanjuanak herritarrentzako bereziak izan daitezen egindako lan zein esfortzuagatik".

Halaber, ekainaren 24an gertatutakoa gaitzetsi dute, zaurituari babesa eskainiz. "Horrelako ekintzen aurrean, gure gaitzespen irmoena azaltzen dugu, horrelako jarrerek ez dutelako lekurik Arrasaten", gaineratu dute.

"Herria zikin egon da"

Era berean, jeltzaleek kezka azaldu dute "festetan izandako zikinkeriagatik", haien esanetan. "Herri guztian eta lekuz kanpo pankarta eta pintadak izan dira, arrasatear guztiena den ondare historikoa hondatuz. Garbiketa zerbitzua eskasa izan da eta kale asko garbitu gabe egon dira. Herriko kale asko ez dira garbitu egun guztietan, Ferrerias kalea, adibidez, eta Monterron parkea kristalez beteta egon da".

Horrez gain, Ferixalekuko igogailuak izandako erasoa salatu du talde jeltzaleak, "guztiona den eta beharrezkoa den igogailuak sabotatzea guztiz arbuiatzen dugu".

Salvearen harira

Azkenik, "pena handiz" hartu dute EH Bilduko udal taldeak San Juan santua eta herriko bandera oinez Salbera eramateko urteetako ohitura baztertu izana. "Arrasatear guztientzat gobernatzea herriko ohituretan parte hartzea ere bada".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak