Iaz estreinakoz Monterron parkean egin zuten Mondra&Roll musika jaialdiak izan zuen "harrera ona" ikusita, punk, oi! eta rocka zentzu zabalean oinarri duen bigarren musika jaialdia egingo dute datorren asteburuan.
Euskal Herriko –horien artean Arrasateko Special Crew eta Arkada Social– eta nazioarteko "eskarmentu handiko formazioak izango dira egubakoitzean eta zapatuan Monterron parkeko agertokiaren gainean. "Iaz, parkearen sarreran dagoen Kondekua zelaian, Monteazpin, beste agertoki txiki bat, txosna eta saltokiak jarri genituen, baina aurten Monterron parke barruan izango dira zerbitzu guztiak. Horrez gainera, iaz ez moduan, Arruena parkean, Eroski merkataritza-gunearen alboan, furgoneta eta bestelako ibilgailuendako kanpatzeko gunea izango da", azaldu du antolatzaile taldeko kide Iker Arronizek.
Solasaldia entzungai
Bigarren Mondra&Roll jaialdia hasteko astebete faltan, asteon audio-podcast bat grabatu dute Goienaren egoitzan dagoen Arrasate Irratiko estudioetan. Ander Monederok eta Aitziber Aranburuzabalak gidatuta eta antolatzaile taldeko Iker Arroniz eta Iker Barandiaran musikazalea gonbidatuta. Tertulia formatua duen bi orduko saioan jaialdiaren askotariko erpinak aztertu dituzte, azpiegiturarekin eta bestelako informazio praktikoarekin lotutako kontuak eta Euskal Herriko zein nazioarteko musika taldeak hitzez eta kantuen bidez aurkeztuta.