IGO AUTOBUSERA!

Peru Altube: "Malkoren bat aterako zait domekan, seguru"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko eka. 23a, 11:28

Huntza seikotea agur biran murgilduta ari da; domekan Arrasateko txosnagunean izango dira, 22:00etan. La Furia eta J Martina formazioekin partekatuko dute oholtza.

Hamar urteko ibilbidea eginda, 2024ko otsailean azken emanaldia egingo du Huntza seikoteak Bilbon; taldeko bateria-jole arrasatearra "irrikaz" dago domekan Debagoieneko zaleen aurrean jotzeko.

Ze sentsazio dituzu?

Azken bira egiten ari garela-eta, nostalgia apur bat, egia esan. Une oso biziak eta politak izan ziren, dena berria zen guretzako, eta argi eta poztasun pila batekin gogoratzen ditut hastapenak.

Otsailean iragarri zenuten urtebeteko agur bira abiatuko zenutela; nekea da agur esateko arrazoia?

Oso gazte hasi ginen taldearekin, urte asko izan dira zurrunbilo zoragarri baina nekagarri honetan. Bizitza aldatu egiten da, taldekideak ere aldatu egin gara, taldeaz gain bakoitzak bere proiektu pertsonalak ditu eta batzuetan ez da dena bateragarria; hortaz, erabaki dugu ahalik eta ondoen uztea. Gustura gaude gu, lanak ondo egin ditugun sentsazioarekin, eta horregatik planteatu dugu urtebeteko bira, zaleak ganoraz agurtzeko.

Azken kontzertuetako bat izango da Arrasatekoa. Bertakoa izanik, bereziki bihotza uzkurtuko dizun kontzertua izango da, ezta?

Duda barik; nire herrian agur esateko modu paregabea da, eta, gainera, herriari horrenbeste ematen dion txosnagunean. Malkoren bat aterako zait, seguru.

Ibilbidean zehar hit pila bat sortu dituzue; Aldapan gora, adibidez. Non dago arrakastaren gakoa?

Ez dakit, egia esan; abesti bakoitzak bere gakoa duela esango nuke, eta batzuetan asmatzen da eta beste batzuetan ez. Kantu gehienak Josunek abiatutakoak dira. Abesti horretan kontatzen den moduan, Biologia ikasketak egiten ari ziren Josunek eta Uxuek unibertsitateko irteera bat egin zuten, eta alda- pan gora eta behera ibili ondoren sortu zitzaien ideia, eta lokalean eman genion guztion artean forma gero. Zortea izan dugu; unean uneko salbuespenak salbuespen, orokorrean, oso ondo jakin dugu elkarrekin, giro sanoan, hau guztia eramaten. Oso aberasgarria izan da pertsonalki eta talde moduan.

Zein da gustukoen duzun kantua?

Erritmo azkarreko kantuak gustatzen zaizkit, bereziki; ez zait bakarra aukeratzea gustatzen. Esango nuke disko guztietan daudela, bereziki, bihotza ukitzen eta eragiten nauten pare bat.

Ehunka kontzertu egin dituzue Euskal Herrian eta nazioartean; esaterako, 2017an Japonian.

Oso eskertuta gaude, mundua ezagutzeko aukera asko izan ditugulako. Kontzertu gogoangarri asko gordetzen ditugu gure memorian. Espero bakoa izan zen Japoniara joatea eta baita Latinoamerikara zein Europako herrialde askotara ere. Ikaragarria da bizitako guztia.

Zale asko dituzue kontzertutik kontzertura jarraitzen. Eskertzekoa?

Hori da, gauza politenetako bat, nire ustez. Oso zainduta sentitzen gara. Bihotzez, eskerrik asko!

Otsailaren 3an Bilbao Arena Miribillan egingo duzue azkeneko emanaldia. Eta gero zer asmo?

Pertsonalki, ez dut asmo zehatzik, oraingoz. Iruñeko Goi Mailako Kontserbatorioan ari naiz bateria-jazz ikasketak egiten. Oso gustura ari naiz, gauza pila bat ikasten. Alde horretatik, Huntzak asko lagundu dit zer dudan gus- tuko jakiteko.

Arrasateko The Potes taldean ere izan zara. Halako rock proiekturik izango duzu etorkizunean?

Izan daiteke; rock esparrua da nire esparru naturala eta beti izango dut punka eta rockaren grina hori. The Potes nire bizitzako etapa garrantzitsua izan da, eta, akaso, eurak barik ez nintzatekeen Huntza moduko proiektu batera animatuko. Bes- te proiektu batzuk izan nituen aurretik; lagunartean sortu genuen Garraxi, adibidez.

Talde askok egin dituzte zuen kan- tuen bertsioak. Pozik?

Zalantza barik; gure herriaren eta kulturaren identitatean aztarna utzi dugula adierazten du horrek, modu baten, eta ikaragarria da hori, eta eskertzekoak dira gure kantuen bertsio guztiak! Beste batzuek erakutsi duten moduan, guk ere ikusi dugu gure hizkuntza, euskara, ez dela muga inora heltzeko.

Musikari gazte askorentzako erreferente zarete. Gomendiorik?

Bidean ahalik eta gehien gozatzea, duda barik, helburu zehatzetan tematu barik; etorri behar duena etorriko da eta.

Huntza seikotea, lepo betetako Durangoko Landakogunean. Aegazkia: Gaizka Peñafiel.

Kantu arrakastatsu asko

Bilboko Alde Zaharrean, ikasle mugimenduaren baitan, ezagutu zuten elkar Josune Arakistainek, Uxue Amonarrizek, Aitor Huizik, Aitzol Eskisabelek, Peru Altubek eta Inhar Eskisabelek. 2014an abiatu zuten Huntza taldea, eta, harrezkero, hamar urteko ibilbide "arrakastatsua" egin dute, lau disko argitaratuta eta Euskal Herrian eta nazioartean ehunka kontzertu eskainita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak