Panderoa lehen lerroan jartzen duen jaialdia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko eka. 16a, 19:02

Arrasate Trikitixa Eskolak hirugarren pandero jaialdia egingo du etzi, domeka, 19:30ean, Amaia antzokian, Arrasateko Udalaren laguntzarekin; Arrasate.eus atarian eta Amaia antzokian eros daitezke jaialdirako sarrerak, hamar eurotan. Arrasate Irratiko Igo autobusera saioan izan dira Arrasate Trikitixa Eskolako zuzendari Maixa Lizarribar eta jaialdian parte hartuko duen Sine Die bikoteko kide Xabier Zabala.

Pandero doinuen aitzakian askotariko musika formazioak eta estiloak batuko ditu jaialdiak. "Panderoa oso gurea dugulako jendeari gertuko zerbait eskaini gure diogu, baina munduko musikak entzuteko emanaldia izango da. Gauza oso politak deskubritzen ditugu urtero", dio Arrasate Trikitixa Eskolako zuzendari Maixa Lizarribarrek.

Ordubete eta laurden inguruko jaialdia izango da. Bost musika formazio izango dira taularen gainean eta bakoitzak hamabost minutu bueltako emanaldia egingo du.

Eskarmentua dutenak

Trikitixa Eskolak iaz antolatu zuen Hauspo Egunean izan zen Igor Torre biolin-joleak eta Xabier Zabala akordeoi-joleak osatzen duten Sine Die bikotea, eta "pozarren" hartu dute berriz ere Arrasaterako gonbidapena. "Oso gustuko dut Arrasaten dagoen kultura mugimendua. Eskolako pandero-joleak izango ditugu lagun agertokian World Music, folk musika eta pieza euskaldunekin osatutako errepertorioa eskaintzeko", dio Zabalak.

Herriko musikari profesionalekin osatutako Erromintxelak boskotea ere gonbidatu dute. "Panderorik ez badute ere, erabiltzen duten ezohiko perkusio tresna oholtza gainera ekartzea egokia iruditu zitzaigun", dio Lizarribarrek, eta zera gaineratu du: "Ojaluna taldea, berriz, askotariko panderoak erabiltzen dituen perkusio-taldea da. Musika tradizionala egiten dute, besteak beste, Salamancako eta Kantabriako koplak kantatuta".

Hasiberrientzako plaza ere bai

Lehiaketetan "arrakasta" duten lau neska gazte ere oholtzaren gainean izango dira; horien artean, Mirari Plazaola arrasatearra: "Gogotsu gaude estreinakoz elkarrekin lehen kontzertua eskaintzeko; ohorea da jaialdian izatea, besteengandik ikasteko".

Jaialdiko musikariak

Ibilbide luzeko musikariak igoko dira Amaia antzokiko taularen gainera domekan, 19:30ean; Arrasate Trikitixa Eskolako ikasleak izango dituzte lagun.

  • Xabier Zabala akordeoi- joleak eta Igor Torre biolin-joleak osatzen duten Sine Die bikotea.
  • Arrasateko eta Bergarako musikariak batzen dituen Erromintxelak taldea.
  • Perkusio-tresnak oinarri dituen Calahorrako Ojaluna taldea.
  • Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña.
  • Irati Arcelu, Araitz Etxaniz, Elaia Diaz eta Mirari Plazaola arrasatearra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak