40 urte Arrasate euskalduntzen izeneko erakusketarekin eman diote hasiera AEDren 40.urteurrenari. Atzo, ekainaren 1ean zabaldu zuten erakusketa, eta ekainaren 22ra arte egongo da ikusgai Kulturateko klaustroan. AEDren ibilbidea laburbiltzen dituen, argazki, kartel, produktu, eta panelez bete dute klaustroa, eta liburutegiko 'interes guneaz' ere baliatu dira AEDri buruzko dokumentu eta argitalpenak herritarren eskura egoteko.
Erakusketa bi zatitan banatua dago, alde batetik 1983an AED sortu zenetik elkarteak izan duen bilakaera azaltzen da argazki eta kartelen bitartez; eta bestetik, urteetan zehar burutu dituzten ekintzen programazio, kartel, argazkiak... ere bildu dituzte.
Arratsaldeko zazpietan ekin zion irekiera ekitaldiak eta ordurako beteta zegoen klaustroa; txalaparta eta bertso saio txiki bat eskaini eta gero, AEDeko presidente den Eñaut Muxikak ongietorria eman zien hurbildutako guztiei. Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen bidelagun izandako, elkarteetako kide eta herritarrak hurbildu ziren erakusketara, eta ekitaldi amaieran lunch bat prestatu zuten guztientzat.
Ekainaren 22 bitartean egongo dira erakusketa ikusteko ateak zabalik, eta ekainaren 6an, 13an, eta 20an, 18:30etan bisita gidatuak ere eskainiko dira hau ikusteko.