EAJk nazio mailako ekitaldia egin du gaur, domeka, Arrasateko plazan, Udal eta foru hauteskundeei begira. Bertan, Maria Ubarretxena Arrasateko alkategaia izan da hitza hartzen lehena, ondoren Eider Mendoza diputatu nagusirako hautagaiak berba egin du, eta hirugarren hizlaria Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da. Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak itxi du ekitaldia.
Maria Ubarretxena: "Gure argazkia etorkizunera begira dagoen Arrasate batena da"
Maria Ubarretxena alkategaiak azaldu du "herri honen transformazioa" ezin dela gelditu: "Emaitzak begi bistakoak dira nahiz eta batzuk errepikatu argazkietan asko agertzen garela. Argazkia berriro emango diegu 28an hauteskundeak irabaziz. Gure argazkia, etorkizunera ilusioz begira dagoen Arrasate batena da. Herri jasangarria, euskalduna, eta anitza. Bizikidetzaren argazkia. Harrotasuna eta ez harrokeria erakusten duen herria. Badakigu asko egin den arren, oraindik asko dagoela egiteko, ideia eta proiektu asko, eta lan egiteko gogoa dugu".
Eider Mendoza: "EAJren egiteko modua da eraginkorrena"
Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagai Eider Mendozak, ezker abertzalea Madrilen egiten ari den jarduna kritikatu du EAJren egiteko modua nabarmendu du: "Ezker abertzalea itzulipurdiak egiten ari da Madrilgo zirku horretan parte hartu ahal izateko. Madrilgo zirkuan figurante lanak egiten ari dira, baita gure herriarentzat etxekalte diren gaietan ere. Guk kultura ezberdina dugu. Apaltasunez eta umiltasunez, baina beti zintzo eta batez ere beti eraginkor, herritarrek dituzten arazoei konponbidea emateko. Gipuzkoar estilora, euskal estilora, EAJren egiteko moduarekin".
Iñigo Urkullu: "Mehatxupean dago autogobernua"
Iñigo Urkulluk Lehendakariak euskal autogobernuaren defentsa egin du Arrasateko plazan: "Azken 40 urteetan euskal gizarteak izan duen garapenaren eta ongizatearen giltzarria baita, baina gaur egun mehatxupean dago". Gainera, "zero kilometroko neurriak" behar direla nabarmendu du Urkulluk eta adibide moduan jarri du Ekiola proiektua: "Ekiola, hemen sortu dena, Arrasaten bultzatu dena. Aitzindariak izan zarete, kooperazio eta komunitate ikuspegi batetik energia berriztagarrien apustua indartuz... Hemen ere erakunde guztien lankidetza eta laguntzaren bidez, eredu publiko-pribatua eta gizartearen parte hartzea sustatuz".
EAJren ordezkaritza zabala
Ekitaldian, Debagoieneko hainbat alkategai eta EAJ kide ere izan dira; tartean, Mikel Lete Bergarako alkategaia, Amaia Erostarbe Oñatiko alkategaia, Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkategaia, Iker Laka Elgetako alkategaia edota Josu Xabier Aranguren Antzuolako alkategaia. Gainera, EAJko beste hainbat kide ere izan dira Arrasateko plazan; Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburua, Markel Olano diputatu nagusia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea edota Joseba Agirretxea Madrilgo Gorteetako parlamentaria.