Arrasateko alkategai Maider Morras izan da hitza hartzen lehena: "Nire hitza daukazue, bihotzez, Arrasate izan zen horretara bueltatu, gure identitatea berreskuratu eta denontzat atsegina eta erosoa den herria eraikitzeko konpromisoa badugula nik eta nire lan taldeak, eta horretarako denok beharrezkoak garenez, gertu-gertu izango zaituztegula".
Morrasek gaineratu du maiatzaren 28an Arrasate berreskuratu egingo dutela: "2019an Bergara izan zen; orain, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza berreskuratuko ditugu. Orain da momentua. Maite dugun Arrasategatik, maite dugun Debagoienagatik. Eta nola ez, maite dugun Gipuzkoa eta Euskal Herriagatik. Egingo dugu!".
Maddalen Iriarte: "Gipuzkoak Arrasate indartsu bat behar du"
Morrasen ostean, Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagai Maddalen Iriartek hartu du hitza. Arrasatek Gipuzkoan duen garrantziaz egin du berba, besteak beste: "Gipuzkoan badira herri garrantzitsuak, eskualde buruak esaten zen lehen, eskualde oso bat artikulatzeko gaitasuna dutenak. Arrasate da horietako bat. Gipuzkoak Arrasate behar du. Gipuzkoak Arrasate indartsu bat behar du. Eta EH Bilduk ere Arrasateren indarra behar du". Eta etorkizuneko ikuspegia lehenetsiko duen politikak behar direla gaineratu du: "Inertziarekin jarraitzeko politiken aurrean, herri bisioa eta etorkizuneko ikuspegia lehenetsiko dituen politika behar dugu. Patrikako politikaren aurrean, bihotzetik politika egiten duena".
Arnaldo Otegi: "Gauza asko aldatu nahi ditugu herri duin bat izateko"
EH Bilduko idazkari orokor Arnaldo Otegi izan da hitza hartzen azkena: "Gauza asko aldatu nahi ditugu herri duin bat izateko. Etxebizitza eskuratzeko eredua aldatu nahi dugu eta alokairuei mugak jarri, pribatizazioa aldatu, osasun publikoaren prekarizazioa eta murrizketak aldatu, funts putreen zerbitzura dauden zainketen eredua aldatu, politika industriala aldatzea eta enpresek herriarekin duten errotzea ez galtzea. Eta alderdi baten txartela edukitzeak lanpostu bat lortzea ez erraztea aldatu nahi dugu. Hori guztia da aldatu nahi duguna".
Debagoieneko alkategai guztiak
Morras, Iriarte eta Otegirekin batera agertokian izan dira, besteak beste, eskualdeko alkategai guztiak: Bergarako Gorka Artola, Oñatiko Izaro Elortza, Aretxabaletako Gari Iturbe, Eskoriatzako Edorta Zubizarreta, Antzuolako Olatz Lezeta eta Elgetako Ibon Untzetabarrenetxea.