Santa Barbarako ur-parkeak 21 jolas ditu, adin guztietako pertsonentzat. Villa Amparokoak, berriz, bi gune ditu: batetik, 4 urtetik gorakoentzako 18 jolas dituena eta, bestetik, haur txikiei zuzendutakoa, bi ur-zirkuiturekin.
Ur-parkeak ireki ahal izateko, Arrasateko Udalak hainbat aurre-lan egin ditu: ur-jolasak instalatu, deposituak eta iragazkiak hustu, ur-zirkuitua garbitu eta desinfektatu, instalazioa berriro urez bete, iragazketa eta arazketa martxan jarri, uraren laginak laborategi ziurtatu baten bidez hartu eta beharrezko analisiak egin.
Era berean, hilean behin, uren analisiak egiten dituzte, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoak hainbat ikuskapen egiten ditu udako denboraldian.