Gura baino lehenago hartu ditu oporrak EBA mailan jokatzen duen Mondragon Unibertsitateak. Azken lehia irabazi arren, ez da sailkatu igoera faserako, eta bukatutzat eman du denboraldia. "Ezin izan dugu iazkoa errepikatu, baina oso harro nago taldeak erakutsi duen jarrerarekin. Denboraldi konplikatua izan da, lesio askorekin, baina indarberritzen jakin dugu. Bereziki, azpimarratuko nuke jokalari gazteek izan duten presentzia eta bilakaera. Lesioek eraginda minutuak izan dituzte, eta maila eman dute", dio Julen Berrocal entrenatzaileak.
Txandakatze gutxi
Denboraldi hasiera kaskarra egin ostean, abenduan eta urtarrilean taldea berpiztu egin zen, sei garaipen jarraian lortuta. Bigarren postuan ere egon ziren. Bada, urtarrileko aldapa barik, arrasatearrek otsailetik denboraldi bukaerara artekoa sufritu dute; izan ere, azken bederatzi partiduetatik sei galdu dituzte. "Oso txandakatze gutxi izan ditugu urtean zehar, eta hori denboraldiko une erabakigarrian ordaindu dugu: otsailetik hona. Ez da aitzakia bat, errealitatea baizik. Eta, zailtasunak zailtasun, igoera fasetik partidu bakar batera geratu gara", esan du.
"Oso aberasgarria"
Julen Berrocalek irailean hartu zuen MUren ardura, Eneko Mata ordezkatuz. Lehen denboraldia bete du taldearekin. "Entrenatzaile bakoitzak jokatzeko modu bat du, baina klubak eta biok helburu berberak genituen, hasieratik. Oso erraza izan da horrela lan egitea. Askoz errazagoa, jokalarien inplikazioa ikusita. Oso aberasgarria izan da. Ni oso pozik nago", azaldu du Berrocalek.
Liga txapelketa bukatuta, EBA- ko jokalariek aukera izango dute nazional mailako taldearekin entrenatzeko –hiru jardunaldi geratzen zaizkie txapelketa bukatzeko–. Era berean, eguaztenetan teknifikazio-saio boluntarioak egingo dituzte.