Amerika elkartearen mozioa aho batez onartu du udalbatzak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko api. 26a, 11:18

Pertsona migratzaileen ezohiko egoera erregularizatzea eskatzen duen mozioa aurkeztu du Amerika elkarteak eta udalbatzak aho batez onartu du agintaldiko azken osoko bilkuran. Halaber, 2022ko udal aurrekontutik geratzen den zati bat, 1.205.000 euro, 2023ko aurrekontuan txertatzea ere onartu dute, oposizioaren babes barik.

Brigitte Castrok egin du berba Amerika elkartearen izenean eta azaldu du, pandemiaz geroztik, sinadurak biltzen ari direla, Espainiako Gobernuak neurriak har ditzan irregulartasun egoeran dauden pertsonen egoera hobetzeko. "Eskubide horien alde lanean ari garen hainbat eragilek egin dugu sinadura bilketa hori". Espainian 700.000 sinadura jaso dituzte eta Euskal Herrian, 70.000. "Herritarrengandik eta mugimendu sozialengandik babes handia jaso dugu", dio Castrok. 

Brigitte Castro berbetan. Ondoan, osoko bilkuran atera duten pankarta.

Castrok adierazi duenez, Euskal Herrian 40.000 pertsona inguru daude irregulartasun egoeran. "Zaurgarriak gara eta baldintza prekarioetan egiten dugu lan, ezkutuko ekonomia sortuz, gehienbat zaintza arloan eta ostalaritzan".

Kasu horietan, hamar pertsonatik sei emakumezkoak direla dio. "Irregulartasunak lan esplotaziora kondenatzen gaitu, instituzioen aurrean ikusgarritasunik ez izatera eta oinarrizko zerbitzu publikoak jasotzeko aukerarik ez izatera. Ezkutuko ekonomiak gure egoera fiskala zailtzen du. Beraz, erregularizazioak lagunduko luke gizarte-segurantza osasuntsuago bat izaten, gure ekarpen fiskalen eraginez". 

Mozioaren bidez, Arrasateko Udalari konpromisoa eskatu diote gai honetan. "Badakigu Udalak ez dituela eskumen guztiak gure arazoei aurre egiteko, baina gauza asko egin ditzake bide horretan. Guk, gure aldetik, ate guztiak zabalik ditugu edozertan laguntzeko, lanerako ideia berriekin eta freskotasunarekin", nabarmendu du Castrok. 

Bozketan, 21 zinegotziek eman dute baiezko botoa eta konpromisoa azaldu dute bide horretan laguntzeko. Podemos Arrasateko Eva Abuinek hartu du berba lehenik, elkarteari egiten duen lan guztia eskertuz. "Mila esker errealitate hau mahaigaineratzeagatik. Borondate politiko kontua da eta gure babesa, behintzat izango duzue".

Udal Gobernuaren bozeramaile Anuska Ezkurrak ere eskerrak eman dizkie, zera gaineratuz: "Lanean ari gara eta hainbat gauza egin ditugu dagoeneko pertsona migratzaileei laguntzeko, baina egia da oraindik bide luzea dugula egiteko".

EH Bilduko bozeramaile Maider Morras ere pozik azaldu da mozioa aho batez onartu izanagatik. "Migratzaileek, bereziki emakumeek, ahalik eta azkarren behar dute haien egoera erregularizatu, bizi- eta lan-baldintza duinak izan ditzagun guztiok".

1.205.000 euro, 2023ko aurrekontura

Era berean, kreditu aldaketa ere onartu du udalbatzak eta, modu horretan, 2022ko udal aurrekontuko 1.205.000 euro 2023ko udal aurrekontuan txertatuko dira. "Egoera osasuntsuan ditugu aurrekontuak. Aldaketa honekin, 5.000.000 euro pasatxo geratuko zaizkio hurrengo Udal Gobernuari, hark ondo deritzon proiektuetara bideratu ditzan", azaldu du Ezkurrak.

Podemos Arrasatek eta EH Bilduk aurka bozkatu dute. "Alde batetik, guk aurrekontua egiterakoan proposatutakoak izan dira hainbat gauza, orduko hartan ez zirenak onartu eta orain bai. Bestalde, soberakinak herrian inbertitu behar dira eta hori ez da gertatzen ari azken urteotan", dio Morrasek.

Elorregiko autobus geltokirako hitzarmena

Bestalde, Elorregiko biribilgunean autobus geltokia eta komuna egokitzeko, hiri altzari berezi honen mantenua eta kudeaketarako lankidetza hitzarmena sinatzeko proposamena ere onartu du udalbatzak, aho batez. "Hiru udalen eta Aldundiaren arteko hitzarmenaz gain, Debagoieneko Mankomunitatearekin ere adostu dugu hura arduratzea Elorregin jarriko duten komunaren kudeaketaz", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.

Katearen Loturak elkartearen mozioa, hurrengorako

Podemos Arrasateko Eva Abuinek salatu du Katearen Loturak elkartearen mozioa osoko bilkurara eraman ez izana. "Epez kanpo erregistratu dela izan da argudioa. Baina Gobernuak berak ere ez ditu arau propioak betetzen, osoko bilkurak ia inoiz ez baitira egiten hileko lehen martitzenean. Beraz, malgutasun gehiago eskatzen dugu herriko eragileekiko. Izan ere, irailera arte ezingo dute mozioa aurkeztu".

Ubarretxenak erantzun dio betiko prozedura jarraitu dutela oraingoan ere. "Ez da lehen aldia. Amerika elkartearen mozioa ere martxoan aurkeztu zuten, epez kanpo, eta gaur etorri dira horregatik. Beraz, hurrengorako erregistratuko da". Morrasek zera erantzun du: "Guztiok dakigu beste batzuetan onartu izan dela, epearen barruan ez egonda ere, adostasuna lortuta. Beraz, oraingoan ere posible zen. Borondate kontua da". 

Agintaldiko azken osoko bilkura izan da

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeak gainean izanda, apirilekoa izan da agintaldiko azken osoko bilkura eta eskerrak emateko baliatu dute gehienek.

Morrasek hartu du berba lehenik: "Herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu helburuak eta programan geneuzkan hainbat ekimen errealitate bilakatu direlako. Hainbat eragile aritu dira lanean eta guztiendako dira gure eskerrak: "Alde zaharrean zuntz optikoa jartzeko lanean aritu direnei, ostalaritza sektoreari, Garibai etorbidea oinezkoendako izateko lan egin duten herritarrei, lan-baldintza duinak edukitzeko borrokan dihardutenei, Gaztegunea berriro irekitzeko borrokatu direnei, herri feminista eta euskaldun baten alde lan egin dutenei, TAO sistema aldatzen lagundu digutenei, Haur eta Guraso Asanbladari eta abar luze bat". 

Ezkurrak ere esker hitzak izan ditu bere azken osoko bilkuran, zortzi urtez Udal Gobernuaren bozeramaile lanetan aritu ostean: "Balioa eman nahi diet Maiderren hitzei, eta eskerrak emateko erabili gura ditut nire azken hitzak, bai Udal Gobernuko kide guztiei eta baita oposizioari ere. Zailtasunak izan arren, asko ikasi dut haiekin eta arerio politiko zorrotzak izan zarete. Sinisten dut politikan, herrigintzan eta ideia ezberdinak izan arren, guzitok helburu bera dugu. Beraz, jarraitu ezazue Arrasateren alde lanean. Azkenik, guraso eta senideei ere eskerrak eman nahi dizkiet emandako babesagatik, baita senarrari eta semeari ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak