'Gu geu sortzaile' eta 'Olatu berdea' irabazle Mondragon City Challenge txapelketan

Hasier Larrea 2023ko api. 24a, 16:15

Gazteen artean ekintzailetzaren kultura eta balio kooperatiboak sustatzeko Mondragon City Challenge nazioarteko txapelketaren bigarren aldiak baditu irabazleak dagoeneko. Amaia antzokian pasa den ostiralean egin zuten sari banaketa ekitaldia, sei talde finalistek euren proiektuak defendatu zituzten.

16 eta 18 urteen arteko kategorian Arizmendi Ikastolako ikaslez osatutako Gu geu sortzaile taldea izan zen saritua, Berlinera joateko bidaia poltsikoratuta. Hirukoteak alzheimerrean jarri du arreta azken hilabeteotan. Harkaitz Leturiaga ikasleak azaldu duenez, lau aplikazioz osatutako produktua osatu dute "inguruan oso zabalduta dagoen gaixotasun honi aurre egiteko".

19 eta 24 urte arteko kategorian, berriz, Olatu berdea iruditu zaio epaimahaiari proiekturik onena. Hala, Estatu Batuetara bidaiatzeko txartelarekin egin dira. Maddi Izkue zarauztarra da taldeko kideetako bat, eta aipatu duenez, kutsadurari aurre egin eta mugikortasuna sustatzeko helburuarekin egin dute lan, aholkularitza bat sortuta eta udaletxe ezberdinekin batera lan eginda. 

Nazioarteko partaidetza

Originaltasunaren saria, ostera, Alemania eta Belgikako Team smart taldeak eraman du. Aurten, denera,  108 taldek hartu dute parte, tartean Malaysia, Tanzania, Estatu Batuak eta Kolonbiakoek, enpresa-kudeaketan gaitasunak eskuratzeko helburuarekin. 20 talde onenek aste osoa igaro dute Arrasaten, txapelketa antolatu duten eragileen eskutik askotariko jarduerez gozatuz eta enpresa kooperatiboen funtzionamendua gertutik ezagutuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak